Oarsoarrak Euskararen Sarien hirugarren ekitaldiak badu irabazlea: Irrien Lagunak Oarsoaldean. Gaur eguerdian jakinarazi dute sariduna nor den, Trintxerpeko Alkateordetzan.
Ekitaldi xumea izan da sari banaketa. Pasaia Musikaleko bi abeslarik, Josu Elberdin pianoan zutela, saiotxoak egin dituzte hasieran, saria eman aurretik eta bukaeran.
Iazko irabazleak, Asier Altuna eta Telmo Esnal zinema zuzendariak, izan dira saria emateko ardura izan dutenak. Oarsoarrak Saria emateko arrazoiak azaldu ditu Julen Mendoza Errenteria-Oreretako alkateak: “Irrien Lagunen proiektu nazionalaren lehenengo esperientzia Oarsoaldean izan da, aisialdi hezitzailea sortzeko helburuarekin. Gainera, lan egiteko modu berria ekarri du, herrigintzari kohesioa ematen diona”. Horrez gain, haurrak eskualdearen etorkizuna izango direla berretsi du Mendozak.
Jarraian sarituek hartu dute hitza. Aiora Perez de San Roman Oiartzungo alkateak (Irrien Lagunak udalekin elkarlanena aritzen dira) esan du gogoan duela proiektua aurkeztu ziotenean: “Udalera etorri ziren, eta esan ziguten hemen sortutako pertsonaiak erreferente izango zituen aisialdi proiektu bat sortu nahi zutela. Nire buruari esan nion: ‘Beste toki batzuetako badituzte Mickey Mouse eta antzeko erreferenteak… zergatik ez ditugu gureak sortzen?'”. Horrelako ekimenak indartu behar direla gaineratu du, “auzolanetik, elkarlanetik abiatutakoa”.
Lorea Agirre: “Amua irentsi”
Proiektuaren diseinatzean egon den Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Lorea Agirrek hartu du hitza gero: “Guk proeiktuaren amua bota genuen, eta udalek kosk egin zuten”. Horrela, pixkanaka garatzen joan da proiektua, lau makulutan bermatuta: “Lehenik eta behin, aisia erdigunean jartzen dugu”, esan Agirrek. “Proiektua irekia da, esperimentala, parte hartzen dutenek erabakitzen dutelako zer egin”. Bigarren oinarria euskara dela azaldu du: “Hizkuntza oxigeno bezala erabili nahi dugu, ez soilik tresna bezala”. Hirugarren zutabea bertako jendea bera da: “Gobernantza modu berria nahi dugu, horizontaltasunean oinarritutakoa. Gainera, umeek ere parte hartzen dutenez, eurek ere izan behar dute erabakitzeko eskubidea. Hori bai, herri bakoitzean erabakiko dute nola egingo duten. Umeak herrigintzako parte dira gaur egin”. Azkenik, auzolana aipatu du.
Joxe Mari Agirretxe
Porrotx pailazoak, Irrien Lagunen sustatzaileetako batek ere hitza hartu du. Bere esanetan, Irrien Lagunak “globalizazioaren aurrean, gure nortasuna eta gure hizkuntza oinarri dituen proiektua sortu nahi genuen”. Horrela, “modu alaiean eta baloreak zabaltzen” lan egiten dutela zehaztu du. Bere esanetan, “koloretako mundu batean biziz gero, zoriontsuagoak izango gara”.
Bost epaimahaikide
Saria nori emateko epaimahaiean, “alor ezberdinetako” bost lagun izan dira: Juanra Cano, Arantxa Urbe, Gema Ces, Ane Badiola eta Joseba Etxegoien. Urte osoan zehar euskararen normalizazioaren alde lanean aritu direnak monitorizatu dituzte. Horrez gain, Oarsoarrak-en webgunean jasotako proposamenak ere kontuan hartu dituzte. Aurten ez dute aipamen berezirik egin.
Oarsoarrak Sariak euskararen normalizazioaren alde lanean ari direnen aitortza egitea du helburu, eta hedabideetan zein gizartean irudikatzea pausoak ematen ari direla. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak antolatzen du sari banaketa.