Kultur jarduera mordoa antolatu du udalak aurten ere, Gabonei begira
Kultur jarduera mordoa antolatu du udalak aurten ere, Gabonei begira
Egitarau zabala bezain aberatsa antolatu du beste urtebetez udalak Gabonei begira. Hilabete honetan hasita, urtarrilaren 5era arte luzatuko da eskaintza, eta hitzaldiak, askotariko musika eta kontzertuak, zinema emanaldia, antzerkia, kalejirak, pailazoak eta bertsoak hartu ditu.
Aurten berritasunekin dator, gainera, Gabonetako egitaraua. Izan ere lehen aldiz Internet bidez erosteko aukera izango dira ekitaldietarako sarrerak Lezoko Udalaren webgunean (lezo.net), Mikel Arruti Kultura zinegotziak eta Xanti Val Kultura teknikariak egitaraua aurkezteko agerraldian azaldu zutenez: “Ekitaldietarako sarrerak ohiko lekuetan ere salduko badituzte ere, lanagatik edo bestelakoengatik arazoak izaten dituztenek Internet bidez saltzea aukera ona iruditu zitzaigun”.
Ekitaldi guztietarako sarrerak eros daitezke dagoneko sarean, beraz, urtarrilaren 5ean Bekoerrota kiroldegian izango den Pirritx, Porrotx, eta Marimotots: Sentitu, pentsatu, ekin! emanaldirako izan ezik. Azken horretarako, hilaren 17an 09:00etan hasiko dira txartelak saltzen, eta lagun bakoitzak gehienez sei sarrera erosteko aukera izango du.
Gospel kontzertua, 29an
Ekitaldietarako salneurriak erabakitzerakoan, Valek nabarmendu zuen bizi ditugun garaietara egokitzeko» udalak egin duen ahalegina: “Ordaindu beharreko emanaldietan, bost euroko salneurria jarri dugu”.
Ekitaldiei dagokienez, Donostiako The Upper Room taldeak hilaren 29an 20:00etatik aurrera Gezalan egingo duen Gospel kontzertua nabarmendu zuen kultura teknikariak, “izatez ikuskizuna ingelesezko abestiekin osatuta bada ere, Lezokoa egokitu eta errepertorio erdia euskaraz egingo dutelako”.
Mikel Arrutik, berriz, eragileen eta herritarren parte hartzea eskertu zuen, “ekitaldi asko eta asko haiei esker egingo ditugulako”. Horren harira, liburu eta disko azoka nabarmendu zuen Kultura zinegotziak. “Azken urteetan beherakada izan du azoka horrek, eta berreskuratzeko ahalegin berezia egin da. Herritar talde bat elkartu da azoka hauspotu eta euskal kultura berreskuratzen laguntzeko”, azaldu zuen Arrutik.
Azoka astebetez egingo dute aurten, hilaren 17tik 24ra bitartera, eta Arrutik eta Valek bertara hurbiltzeko deia egin zieten herritarrei, “Gabonei begira euskal kultura oparitzeko aukera polita izango dutelako bertan, eta bide batez, azoka biziberritzen lagunduko dutelako”.
Errepresaliatuak gogoan
Gabonetako egitarauaren barruan, preso eta iheslariek ere izango dute tartea aurte ere. Hilaren 14ko eta 21eko karteladez gain (20:00etan Gurutze Santuaren plazatik), hilaren 24an zortzi orduko elkarretaratzea deitu dute Gurutze Santuaren plazan, 10:00etan hasi eta 18:30era arte.
Hilaren 31n, berriz, presoen aldeko kopla zaharrak abestuko dituzte herriko baserrietatik, 15:00etatik aurrera.
Korri, Xalto eta Brinkok disko berria aurkeztuko dute hilaren 28an
Udal ordezkariekin batera, bestelako pertsonaia izan zen Gabonei begirako egitaraua aurkezteko agerraldian: Brinko pailazoa, hain zuzen ere. Lezoko pailazoek disko berria hilaren 28an Bekoerrotan aurkeztuko dutela jakinarazi zuen sudurgorriak, horretarako espresuki antolatu duten emanaldian. Azken lana bi herrien arteko elkarlanaren fruitua dela ere zehaztu zuen Brinkok, Lezo eta Usurbil alegia, “Usurbilgo Zumarte Musika Eskolako ikasle eta irakasleekin osatu dugulako diskoa”. Korri, Xalto eta Brinko dantzan emanaldian denak dantzan jarriko dituztela aurreratu zuen Brinkok, “disko berriko doinuak oso mugituak direlako”. Emanaldirako sarrerak hilaren 26tik aurrera eskura daitezke kiroldegian bertan 2 euroan. Bost euro ordainduta, berriz, sarrerarekin batera, Lezoko hiru pailazoen azken diskoa eskura daiteke.
