Emakumeen kontrako indarkeria lantzen duen ‘Mariposas en el hierro’ dokumentala emango dute ostiralean Itsas Etxean
Bertha Gaztelumendi irundarrak zuzenduriko Mariposas en el hierro dokumentala eskainiko dute ostiralean Itsas Etxeko Auditoriumean, 20:00etan. Hainbat motako indarkeria jasan duten emakumeei buruzko ikus-entzunezkoa da Mariposas en el hierro, Berdintas...
Bertha Gaztelumendi irundarrak zuzenduriko Mariposas en el hierro dokumentala eskainiko dute ostiralean Itsas Etxeko Auditoriumean, 20:00etan. Hainbat motako indarkeria jasan duten emakumeei buruzko ikus-entzunezkoa da Mariposas en el hierro, Berdintasun Politiken Nazioarteko Berrikuntza Zentroak (CIINPI) ekoiztu du eta aurtengo Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten. Sarrerak Itsas Etxeko lehiatilan salduko dituzte, 2 euroan, saioa hasi baino ordubete lehenagotik hasita.
Filmaren emanaldiaren ondoren mahai-ingurua egingo dute Itsas Etxean bertan. Gaztelumendi zuzendaria (gidoilaria ere da) bertan izango da, eta berarekin batera Izaskun Moyua eta Arantza Madariaga CIINPIko sortzaileak, eta Tamara Muruetagoiena eta Asun Casasola filmeko protagonistak.
Testigantzetan oinarrituta
Mariposas en el hierro dokumentalak hainbat indarkeria-motaren biktima izan diren emakumeen testigantzak biltzen ditu. Euskal Herrian oinarrituta badago ere, beste leku batzuetako iritzi adituak ere jasotzen dira bertan, eta biktimen esperientziak testuinguru zabalagoan kokatzeko balio dute.
Dokumentalean parte hartzen duten emakume guztiek indarkeria gainditu nahi dute, bakean eta justizian oinarritutako etorkizunari aurpegi eman ahal izateko. Hainbat ideologia, jatorri eta maila sozialetako emakumeak dira, baina, oinazeak oinaze, indartsu agertu dira zuzenean nozitu duten era guztietako indarkeria gainditzeko bideari ekiteko.
