2013rako aurrekontuak onartu dituzte behin-behinean
2013rako aurrekontuak onartu zituen atzo Udalbatzak, Bilduren aldeko botoekin. EAJk kontra bozkatu zuen (Hamaikabat!eko zinegotzia ez zen egon udalbatzarrean). Hala ere, behin-behinekoak dira aurrekontu horiek, eta jendaurrean jarri dituzte. EAJren izenean Mikel Idiazabalek kritika egin zuen, “2012an inbertsioetako partida apenas” ukitu dela. Aiora Perez de San Roman alkateak erantzun zion: “Inbertsio batzuk atzeratu egin ditugu, zerbitzu hobea eskaini ahal izateko —esaterako, Manuel Lekuona bibliotekako sabaia ez dugu aurten konpondu iruditzen zaigulako irisgarritasuna hobetzeko lanekin batera egitea egokiagoa dela— eta beste inbertsio batzuk udalaz kanpoko faktoreengatik ezin izan dira gauzatu”. Hala ere, inbertsio horiek 2013an gauzatzea aurreikusten du udalak. Idiazabalek “gizarte-ongizate partida jaitsi egin dela krisi garaian” esan zuen. Alkateak hori ez dela egia esan zion: “Diru kopurua murriztua ikusten da, baina kontzeptuak begiratu behar dira. Oarsoaldea Garapen Agentziaren ekarpenean daude moldaketak, eta beraiek eskatutakoak dira. Oiartzuarrek gizarte-ongizatetik jasotzen dutena mantendu egin da, eta kontzeptu batzuk gehikuntzak dituzte”. Petra Lekuona Fundazioari “ekarpena murriztu diozue” esan zuen Idiazabalek. Gobernu Taldeak egoera zertan dagoen azaldu zuen: “Aste honetan bertan kontaktua izan dugu eta fundazioak ez zuela hitz egin nahi esan zigun. Hala ere, proposamen batekin etorri dira eta positibotzat jotzen dugu urrats hori eman izana. Udala hitz egitera eseriko da, helburua bien arteko [...]
2013rako aurrekontuak onartu zituen atzo Udalbatzak, Bilduren aldeko botoekin. EAJk kontra bozkatu zuen (Hamaikabat!eko zinegotzia ez zen egon udalbatzarrean). Hala ere, behin-behinekoak dira aurrekontu horiek, eta jendaurrean jarri dituzte.
EAJren izenean Mikel Idiazabalek kritika egin zuen, “2012an inbertsioetako partida apenas” ukitu dela. Aiora Perez de San Roman alkateak erantzun zion: “Inbertsio batzuk atzeratu egin ditugu, zerbitzu hobea eskaini ahal izateko —esaterako, Manuel Lekuona bibliotekako sabaia ez dugu aurten konpondu iruditzen zaigulako irisgarritasuna hobetzeko lanekin batera egitea egokiagoa dela— eta beste inbertsio batzuk udalaz kanpoko faktoreengatik ezin izan dira gauzatu”. Hala ere, inbertsio horiek 2013an gauzatzea aurreikusten du udalak.
Idiazabalek “gizarte-ongizate partida jaitsi egin dela krisi garaian” esan zuen. Alkateak hori ez dela egia esan zion: “Diru kopurua murriztua ikusten da, baina kontzeptuak begiratu behar dira. Oarsoaldea Garapen Agentziaren ekarpenean daude moldaketak, eta beraiek eskatutakoak dira. Oiartzuarrek gizarte-ongizatetik jasotzen dutena mantendu egin da, eta kontzeptu batzuk gehikuntzak dituzte”.
Petra Lekuona Fundazioari “ekarpena murriztu diozue” esan zuen Idiazabalek. Gobernu Taldeak egoera zertan dagoen azaldu zuen: “Aste honetan bertan kontaktua izan dugu eta fundazioak ez zuela hitz egin nahi esan zigun. Hala ere, proposamen batekin etorri dira eta positibotzat jotzen dugu urrats hori eman izana. Udala hitz egitera eseriko da, helburua bien arteko hitzarmen bat sinatzea delako, eta bide onetik goaz”.
Hitzarmen hori egin eta udalbatzarrak onartu arte, udalak ezin duela ordainketarik egin ere adierazi zuen Pello Aramendi Gizarte-ongizateko zinegotziak.
Zerga ordenantzak
Udal Zerga Ordenantzak ere onartu zituzten behin betiko, Bilduren aldeko botoekin (EAJk kontra bozkatu zuen). Jendaurrean egon diren bitartean ekarpen bat jaso dituzte ordenantzek eta onartu egin zuten zinegotziek. Ondorioz, hutsik dauden etxebizitzek %75eko gainkarga ordaindu beharko dute, baina udalak etxe hutsak alokairuan merkaturatzeko martxan jarriko duen egitasmoan parte hartzen dutenak salbuetsita egongo dira.
Catelsako langileei besarkada
Udaletik Oihan Tello Loiarte alkateordea lanaldi guztiz ariko da udalean urtarriletik aurrera (Bilduren aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin zen).
Udal jabegoko mendietan (Pikokaraten, Zarian eta Kauson) larrean ibili daitezken abereak eta larreratze epeak egokitzea eskatu du Oiartzungo Abeltzainen Elkarteak eta ahobatez onartu zen proposamena. Orain, ordenantza jendaurrean dago.
Abenduan protokolo gasturik ez da izan.
Manoli Larraiotz Bilduko zinegotziak Catelsako langileak gogoan izan zituen udalbatzarraren bukaeran: “Garai zail hauetan erakutsi dute langileek borrokatu behar dutela euren eskubideengatik eta nahi genuke beraien jokabidea eredu izatea. Argi utzi dute borrokatzeak merezi duela, eta neurri batean, lortu dituzte euren eskaerak”.
