Euskararen eguna ospatuko dute gaur herriko bi ikastetxeek
Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta horren haritik ospakizun betean sartuta daude Haurtzaro Ikastola eta Elizalde Herri Eskola.
Haurtzaron, Eskuttun euskara elkarteko kideek pregoia irakurriko dute LHko eta DBHko geletan eta ikasleek euskararekiko konpromisoak hartuko dituzte. Arratsaldean, Haur Hezkuntzakoek Argitxorekin bisita jasoko dute eta bere urtebetetzea ospatuko dute; opariak ere emango dizkiote Argitxori.
15:30ak aldera ekitaldi nagusia egingo dute eta bertan talde bakoitzak hartutako konpromisoak irakurriko dituzte eta prestatu duten abestia ere kantatuko dute.
Elizalden, Euskara geure esku dioen murala margotzen ari dira eta arratsaldean, 15:15ak aldera kantu emanaldia eskainiko dute. Gero txokolate-jatea izango dute.