Abortuaren lege erreforma gaitzetsi du udalak
Bozeramaileen batzordeak onartu du adierazpen instituzionala talde guztien aldeko botoekin, PPk izan ezik. Eusko Jaurlaritzari "babesa" eskatu dio "euren gorputzarekiko eta ugalketarekiko erabakiak askatasunez hartu eta gauzatu ahal izateko".
Espainiako Ministroen Kontseiluak joan den abenduaren 20an onartutako abortuaren lege erreforma gaitzetsi du Errenteriako bozeramaileen kontseiluak, adierazpen instituzional batean. Udal talde guztiek babestu dute, PPk izan ezik. Madrilgo gobernuari hori erretiratzeko eskatu dio. Eusko Jaurlaritzari, berriz, “babesa” eskatu dio “emakumeek euren gorputzarekiko eta ugalketarekiko erabakiak askatasunez hartu eta gauzatu ahal izateko”.
Lege horren bidez, “hamarkadatako borrokan lortutako eskubidea zartada batez” ezabatu nahi dutela adierazi du; eta “emakumeen autonomia urratu, emakumeen heldutasuna, erabakitzeko gaitasuna eta ardura ukatu eta infantilizatu” egiten duela, “abortatu ahal izateko beste batzuekiko mendekotasuna ezarriz”.
Beste lege bat eskatu du, “nahigabeko haurdunaldien aurkako prebentzioa aurreikusiko duena, emakumeen esku utziko duena bere haurdunaldia etetea, borondatezko abortua kode penaletik ezabatuko duena, bai emakumeentzat bai praktikatzen duten profesionalentzat eta metodo antikontzeptibo guztiak osasun sistema publikoan sartuko dituena”.
Herritarrei PPren abortuaren lege erreforma salatzeko eskatuko die bozeramaileen batzordeak.