Apirileko plenoa
Hilabeteko ibilbidearen ondoren, Errenteria-Oreretak badu gazte lokalen ordenantza. Atzo onartu zuen udalbatzak aho batez. Alderdi guztiek positibotzat jo zuten egindako prozesua, eta orain jarraipena egin behar zaiola gogorarazi zuten EAJ eta PSE-EEk.
Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerrako bozeramailearen esanetan, udala ez da lokalak mugatzeko tentazioan erori, eta horrenbestez, lokalen baldintzak hobetzea eta erabiltzaile eta bizilagunen arteko bizikidetza hobetzea du xedea. Ferradasen iritziz, lokal horiek ez dute tabernek baino arazo gehiago sortzen, eta ordenantza erreminta ona izango dela uste du horri aurre egiteko.
Jose Manuel Herzog PPko bozeramaileak ordenantza oinarrizkoa zela adierazi zuen, besteak beste, segurtasuna bermatu eta eskubideak noraino iristen diren zehazteko. Egindako bidea “exenpluzkoa” izan dela esan zuen.
EAJko bozeramaile Maite Peñak ere beharrezkotzat jo zuen ordenantza, baina adierazi zuen ezin dela ahaztu horren atzean arazo bat dagoela: lokalek bizilagunei sortzen dizkieten arazoak. Ordenantzari “sentsibilizazioa lantzea” falta izan zaiola uste du, eta horrenbestez, hori landu behar dela ondorioztatu zuen.
PSE-EEk ere bide beretik jo zuen, eta Jose Angel Rodriguez bozeramailearen arabera, espero dute ordenantzari jarraipena egitea “bizilagun eta gazteen arteko harremana normalizatzeko”.
Julen Mendoza alkateak hitz egin zuen Bilduren izenean, eta adierazi zuen 2011ko auzo batzarretan agertu zela arazoa lokalek eragozpenak sortzen zituztelako eta araututa ez zeudelako. Hori fenomeno sozial gisa ulertu dutela gaineratu zuen, eta konponbiderako tresna “elkarrizketa eta parte hartze prozesua” izan dela. Sentsibilizazioa prozesuan bertan eman dela zehaztu zuen, “eta aurrera begira baloratu beharko da ordenantza nola doan”.
Kontuen gainekoa, beste puntuak
Aurretik izandako beste puntuak likidazioa eta lehen hiruhilekoko kontuen gaineko galderak argitzeko baliatu zituzten, besteak beste. Beste talde politikoetako bozeramaileek ez zuten galderarik egin.
Ikurrina, galdera eskaeretan
Galdera eta eskaeren atalean, herriko bi sarreretan jarritako ikurrina jartzeak zenbateko kostua izan duen galdetu zuen Rodriguez, PSE-EEko bozeramaileak, eta Mendozak erantzun zion emango diotela informazioa. Bestalde, herrian agertu diren ikurrinak nork jarri dituen eta udalak noiz kenduko dituen galdetu zion. Mendozak erantzun zion udalak ez duela harremanik izan horrekin, eta herritarrek jarri dituztela. Testuinguru zehatz batean agertu direla, eta herriak dituen aurrekariak kontuan hartuta, kenduko dituztela aurreratu zuen, baina krispazioa ez areagotzeko “oreka mantenduz”.