'Itsaspekoa' proiektuak irabazi du Proiekton saria
Joan den larunbatean banatu zituzten Don Bosco ikastetxean DB Sariak, eta Proiekton sariaren barruan lehen saria etxean geratu zen: Don Boscoko Itsaspekoa proiektuarentzat izan zen. Bigarren saria, berriz, Granadako Virgen de las Nieves ikastetxeko Neurobot proiektuak lortu zuen; hirugarrena Andoaingo La Salle-Berrozpeko Inomet Estazio Metereologikoa eta laugarrena Don Boscoko ikasleek eskuratu zuten berriz ere, Raspzepellin proiektuarekin.
[nggallery id=75]
Joan den larunbatean banatu zituzten Don Bosco ikastetxean DB Sariak, eta Proiekton sariaren barruan lehen saria etxean geratu zen: Don Boscoko Itsaspekoa proiektuarentzat izan zen. Bigarren saria, berriz, Granadako Virgen de las Nieves ikastetxeko Neurobot proiektuak lortu zuen; hirugarrena Andoaingo La Salle-Berrozpeko Inomet Estazio Metereologikoa eta laugarrena Don Boscoko ikasleek eskuratu zuten berriz ere, Raspzepellin proiektuarekin.
DBBots robot lasterkarien kasuan, Tronkomobil proiektuak lortu zuen lehen saria, eta Kotxe Eskobak bigarrena, Usain Bolt eta Speedster V7-en aurretik. Guztiak Don Boscoko ikasleenak dira. Mini sumo proba berrian, berriz, Virgen de las Nieves ikastetxeko Erguin robota izan zen irabazlea.
Guztira, 30 proiektu aurkeztu zituzten, eta hamasei robot.
DBH, Batxillergo eta Erdi Mailako zikloko sariak
Goi Mailako zikloko ikasleez gain, DBH, Batxillergo eta Erdi Mailako zikloko ikasleek ere parte hartu zuten DB Sarietan. Loiuko Lauro ikastolako ikasleek irabazi zuten DBHko saria honako lan honekin: Baso suteen detekzioa dronez erabiliz. Tolosako Hirukide Eskolapioak geratu zen bigarrena, Incubegg proiektuarekin; segidan, Antxoko La Anunciata Pasaiako Kontaminazio akustikoaren mapa proiektuarekin eta ondoren, Getxoko Geroa ikastola Fisika botilan lanarekin.
Batxillergo eta Erdi Mailako zikloko garailean honakoak dira: Gasteizko Egibidea Jesus Obrero ikastetxeko Sensorizatu proiektuarentzat lehenengo saria, Don Boscoko Dumper lanarentzat bigarrena, La Anunciatako Light produktua, aukera inteligentea hirugarrena, eta Don Boscoko Electric Bike laugarrena.
Azkenik, enpresen saria hainbat egitasmok lortu zuten: Tumakerrek 3D inpresora bat oparitu zion La Anunciatari, Beep-ek tableta Don Boscoko Robot kontrolatua-ren egileei, Tknikak ere tableta Angel Altamiranori Armobot lanarengatik (modu librean aurkeztu zen), eta SQAndronesek dron bat Hirukideri Kubo proiektuarengatik.
Zailtasunak gaindituta
Pozik agertu ziren Don Boscon bildutako ikasleek proiektu ezberdinekin. Mikel Tife Itsaspekoa proiektu irabazlearen egileetako batek “ezustekoa” izan zela onartu zuen. Orain azken txanpa falta zaiela adierazi zuen Tifek, ekainaren 6an aurkeztu behar baitute behin betiko proiektua.
Mikel Beldarrain Raspzepelin proiektuko diseinatzaileetako bat bestalde, zepelinaren nondik norakoak azaldu zituen: “Aplikazio bat sortu dugu eta mugikorra edo tablet bidez kontrolatzen dugu zepelina”. Izan ere, “pasahitza izanez gero, interneten dagoen aplikazio bat jaitsiz kontrola dezakezu gure zepelina”, gaineratu zuen.
Horiek horrela, Beldarrainek azaldutakoaren arabera, “irakasleek asko lagundu digute eta beraiek irakatsi digutenarekin ia nahikoa izan da” proiektua garatu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, zailtasunak izan dituzte bidean. Esaterako, proiektuaren kostua altua izan dela onartu zuen Beldarrainek, “dirua eta baimena lortzea kostatu egin zaigu”. Era berean, motorra kontrolatzea zaila egin zaiela aitortu zuen.
Tronkomobil proiektuko Asier Duran egileetako bat bestalde, kotxearen txasisa aldez aurretik diseinatuta zegoela azaldu zuen: “Programazioa gure kontu izan da”. Elektronikako lehen mailako ikaslea da Duran eta esandakoaren arabera, “lehenengo ikerketa txiki bat egin genuen osagai onenak zeintzuk ziren jakiteko”. Hortik abiatuta zailtasun nagusia kurbak ematerakoan izan dituztela adierazi zuen. “Kurbak emateko motorrak abiadura ezberdinetan jarri behar dira, eta bakoitzean hori konpentsatzeak zailtasunak ditu, motore bakoitza ez delako berdina eta ondorioz abiadurak asko aldatzen direlako”, azaldu zuen. Programazioaren arabera konpondu beharreko zerbait dela gaineratu zuen Duranek.