Haurren elikatzea babesteko mozioa aurkeztuko du PSE-EEk
Errenteriako Udaleko PSE-EEren taldeak jakinarazi duenez, umeen elikadura bermatu dadin babesteko mozio bat aurkeztuko dute datorren udalbatzarrean. Talde sozialistak adierazi duenez, krisi ekonomikoaren ondorioz, gero eta gehiago dira elikaduran gabeziak dituzten haurrak, “eta horrek garapenean ondorioak ditu, ezberdintasuna areagotzeaz gain”.
PSE-EEren arabera, eskoletako jangela zerbitzuek gabezia hori arintzen lagundu dute. Ikasturtea bukatzen ari dela eta, kezkatuta daude sozialistak. Horregatik, Udalbatzari eskatuko diote haurrei eguneko hiru otorduak bermatuko dizkien plan bat martxan jartzea. Horretarako, gainontzeko erakundeekin edo Gurutze Gorria eta Caritas bezalako organizazioekin elkarlanean aritzeko galdegingo dute.
Plana bideragarria izateko, 1.800.000 euroko soberakina erabiltzeko eskatu dute. “Espero dugu gobernu taldeko Bildu eta Ezker Anitzak dirua horretara bideratzea, eta ez beharrezkoak ez diren obra faraonikoetara”.