Gipuzkoako Traineru Txapelketan, urrearen bila
Gaur jokatuko da Zumaian Gipuzkoako Traineru Txapelketa. 18:30ean hasiko da emakumeen lehia, bi txandatan, eta ondoren gizonena beste hori saiotan. Oarso Bidasoko ordezkariak bertan izango dira: emakumeen txanda nagusian San Juan eta Hibaika Zumaiarekin batera arituko dira (bestean Orio eta Getaria izango dira), eta gizonen lehen txandan Hibaika eta Zarautz, bigarrenean Trintxerpe, Zumaia, Getaria eta Donostiarra, eta ohorezkoan Hondarribia, San Pedro, San Juan eta Orio ariko dira. Txanden banaketa orain arteko emaitzen araberakoa izan da. Urrea, emakumeetan eta gizonetan, lortzeko aukera dute Oarso Bidasoko traineruek.
Aukera handiak dituzte gizonetan Hondarribiak, eta emakumeetan Hibaikak eta San Juanek txapelak lortzeko. Hondarribiarrek Orio dute aurkari nagusi, eta azken estropadak ikusita, badirudi berdeak oriotarrak baino hobexeago daudela. San Juan eta San Pedro bigarren planoan daude, ezustekoa emateko prest. Hibaika eta Trintxerperen lana denbora duina egitea izango da.
Emakumeetan jada klasiko bihurtu den Hibaika-San Juan lehiaren beste kapitulu bat emango da. Zumaia ere talde indartsua da, baina sasoiak orain arte utzi dituen emaitzei jaramon eginez, lehia estua izango dute Oarsoaldeko bi traineruek txapela nork lortu. Ikusgarria izango da buruz buruko hori.