Landarbaso abesbatzak urteroko Madalen kontzertua egingo du bihar herriko zaindariaren ermitan. Emanaldia 20:00etan hasiko da. Aurten, Maria Magdalenaren Lagunak basilikaren sustatze eta zaintzeko helburua duen elkartearekin batera antolatu dute. “Indarrak batzeko egin dugu”, esan Iñaki Tolaretxipi Landarbasoko zuzendariak.
Landarbaso eta Maria Magdalenaren Lagunak.
Horrela, pasa den astean Rigan (Letonia) lortutako bi urrezko dominen ondoren emango duten lehenengo kontzertua herrian emango dute. Kontzertuaren programa berbera izango da, bukaeran aurten hil den June haurraren omenezko pieza sartuz. Tolaretxipik azaldu duenez, urteko kontzerturik “bereziena” izaten da Madalenakoa. “Ermita txiki geratzen zaigu, eta tokia aldatzea planteatu digute, baina nahiago dugu sinbolismo hori mantendu”, esan du.
Helburuak beteta
Kontzertuaren aurkezpena bateratua egin dute, eta Maria Magdalenaren Lagunek orain arteko balantzea egiteko probestu dute. Urte erdi eskas daramate lanean, eta orain arte bederatzi emanaldi antolatu dituzte. “Guztira 1.500 lagun hurbildu dira”, esan du Lourdes Uranga elkarteko kideak, “eta gure irakurketa baikorra da”. Urte bukaerarako beste lau kontzertu aurreikusi dituzte. Hala ere, datozen urtetan egitarau ez hain indartsua egiteko nahia azaldu dute.
Helburu bat, baina, falta dute: asteburutan basilika irekita mantentzea. Errenteria-Oreretako herritarrei zein udaleko Kultura eta Hirigintza sailei eskerrak eman dizkiete. Horrez gain, ekimena edozeini irekita dagoela gogorarazi dute.