Salaketa aurkeztu du emakume batek Irungo komisarian, uztailaren 24an jasan zuen eraso batengatik. Gara egunkariari jakinarazi dio erasotzailea ertzain bat izan zela, eta ez dakiela zergatik kolpatu zuen.
Pasa den ostegunean, uztailak 24, izan zen gertaera, goizeko 7:00etan Errenteriako Kapitain Enea kalean. Emakumeak azaldu duenaren arabera, kale hartan zegoen, taberna baten ondoan, eta bapatean Ertzaintzaren furgoneta bat agertu zen; ertzain ugari atera ziren bertatik aurpegia estalita eta istiluen aurkako jantzi bereziekin, kasko eta guzti.
Ertzainetako batzuk gizonezko batengana hurbildu ziren; emakumeak esan du ez zuela gizona ezagutzen eta harengandik hogei bat metrora zegoela. Emakumea zegoen lekutik jaiki zenean, ertzain batek borraz kolpe bat eman zion ezker izterrean, eta kolpea saihesteko eskua jarri zuenean ertzainak hainbat kolpe eman zizkion jarraian ezker eskuan, eskumuturrean eta besoan.
Emakumeak eskatuta, ertzainak bere identifikazio kodea eman zion; eta handik anbulantzian eraman zuten ospitalera, zauriak artatzera.