Israelgo armada Gazako zerrendaren kontrako erasoa salatzeko asmoz, elkarretaratzea deitu du herritar talde batek Errenteria-Oreretan. Ostiralean izango da, Iztietako Diputazio plazan, 19:00etatik aurrera.
Hilaren 17an egin zuten beste elkarretaratze bat, Herriko Plazan. Astean behin toki ezberdin batean egingo dute salaketa ekitaldia, erasoak irauten duen artean. Antolatzaileek honako komunikatua kaleratu dute:
Igandeko azken orduotako datuen arabera, Gazan eraildako lagunen kopurua 1032 eta 1200 artean dago, tartean 200 haur. Baina zer axola dio zenbaki dantza ilun honek? Gazako asteburua 12 orduko su-etenak baldintzatu du; ordu horiek baliatu dituzte beren etxeetatik ihesi joan behar izandako 160 000 lagunek euren auzoetara itzultzeko eta errautsetatik ahal zituzten puskak biltzen saiatzeko. Erreskate taldeek 100 gorpu berreskuratu dituzte. Gazako panorama erabat txikituta dago. Auzo osoak suntsitu dituzte eta erasoek jarraitzen dute. Igandean Khan Junis eta Rafah auzoen kontrako abiazio-bonbardaketa latzak izan ziren. Gazako bi errepideak oso kaltetuak daude, tankeen eta itsas armadaren artilleria erasoen erruz.
Hedabide gehienek Erresistentzia aurkeztu arren su-etena errespetatu nahi ez zuen partea bezala, Gazako informazioek zera diote: Erresistentziak esana zuela konbateek jarraituko zutela baldin eta tankeak erretiratzen ez baziren; izan ere, halako su-etenak Israelek lurraldea kontrolpean edukitzeko baliatzen baititu. Jakin badakigu Israelek ez dituela su-etenak errespetatu eta azken egunotan erreskate eta mantentze langileak erasotu dituela, ustezko su-etenean. Bien bitartean, Zisjordaniako herria Gazako anai-arrebekiko elkartasunean manifestatzen ari da. Qalandiako mobilizazioa izan da bereziki gogorra: Israeleko armadak gutxienez 9 manifestari erail ditu. Bestalde, palestinar Erresistentziak 86 soldadu inbasore hil izana aldarrikatu du, nahiz eta Israelek 43 baino ez aitortu. Zifra hau, Israeleko okupazioak urte luzeetan nozitutako kolperik handiena da. Gainera, Tel Aviveko aireportuan hegaldi andana bertan behera geratu da, Erresistentziaren ekintzen ondorioz. Gazan gertatzen ari denari buruz informatu nahi dugu. Horretan jarraituko dugu, israeldar basakeria amaitu arte, eta Palestinar Herriaren eta bere Erresistentziaren aldarrikapenak lortu arte.
Orain eta beti, gora herri palestinarraren borroka! Gora Palestina askatuta!