San Inazio Eguna ospatuko da etzi, eta urtero bezala, Errenteria Musikal Kultur Elkartearen (EMKE) bandak kontzertua emango du gauean. Hala ere, ohiturazko kontzertua izanagatik, aurten hainbat berritasun izango ditu emanaldiak. EMKEren presidente Josu Mitxelenak azaldu duenez, elkartearen 150. urteurrenaren harira zerbait berezia egin nahi dute, “eta horretarako azken urteetako kontzerturik onenetako bat errepikatu nahi dugu”. Horrela, Parisko Euskal Etxeko Anaiki gizonen abesbatza gonbidatu dute eurekin batera emanaldia egin dezaten.
EMKEk eta Anaikik emango duten kontzertuaren aurkezpena
Aurreko urtetan kontzertua Foru Plazan ematen bazuten ere, aurten Herriko Plazan izango da. Izan ere, Errenteriako Udalak Herriko Plazaren espazioa “berreskuratu” nahi du, eta elkarlanean aritu dira muntaia egiteko. Anaiki abesbatzakoek parrokiako eskaileran kantatuko dute, eta musikariak plazan bertan izango dira. Gainera, giro berezia eman nahi diote ekitaldiari: plazako bi monumentu historikoak, parrokia eta udaletxea, argiztatuko dituzte soilik, argi kontran. Tokia ez ezik, ordua ere aldatuko dute: ordu erdi lehenago hasiko da, 22:00etan. Mitxelenak jakinarazi duenez, eguraldi txarra eginez gero —ezetz dirudi—, eliza barruan izango da emanaldia.
“Oso berezia guretzat”
Anaiki abesbatzako zuzendari Jean-Marie Gezalarentzat “oso berezia” izango da etziko kontzertua. Izan ere, Frantziako hiriburuan jaio zen arren, Lezon hezi zen: “Gauza handia da bizilagunen herrian abestea”. Era berean, orain dela lau urte EMKEkoek Parisera egin zieten bisita itzuliko diete. Berak zuzenduko du kontzertua.
Gezalak esan duenez, abesbatzak hainbat harreman izan ditu bere mende laurdenean, “batez ere errusiarrekin”. Alexander Karpov izan da horietako bat —”gurekin askotan aritu da”, zehaztu du—, eta sei abesti moldatu ditu kontzerturako (egitarauan asteriskoz jarrita). Nabarmendu nahi izan du Euskal Kultur Erakundeak diruz laguntzen dituela. “Zaila da Euskal Herritik kanpoko talde bat laguntzea”, gaineratu du. Musika bandako zuzendari Aitor Mitxelenak, bere aldetik, “euskal kulturaren alde” egiten duten esfortzua aitortu nahi izan die, eta pozik dago eurekin estreinatuko dituzten sei obrak “historiarako” geratuko direlako.
Julen Mendoza alkatea ere gaurko aurkezpenean egon da. “Musika banda urte osoan zehar ematen ari den kontzertuak ikusgarriak dira, eta honek ere interesgarria dirudi. Ohorea da guretzako Parisko Euskal Etxeko abesbatzetako baten bisita jasotzea”, esan du. Josu Mitxelenak logistikan eta azpiegituran udalak eman dien laguntza eskertu du: “Guk ezingo genuke hau guztia gure gain hartu”.
Egitaraua
- A Igarondo (Conde de Torre Musquiz).
- *Agur Maria (Tomas Garbizu).
- *Herribehera (Benito Lertxundi).
- *Matsaren orpotik (Jesus Guridi).
- *Urzo Lüma (herrikoia/Pablo Sorozabal).
- *Ene qué risas hisemos (Victor de Zubizarreta).
- *Ingrat baten maithatzeak (herrikoia/moldaketa: Ludmila Kulikova).
- Eusko Irudiak (Jesus Guridi).
- Mendirik mendi (Sabin Salaberria).
- San Inazioren martxa (herrikoia).