Gurutze Gorriak udarako istripuak saihesteko informazio liburuxkak emango ditu datorren astean
Errenteria-Oreretako Gurutze Gorriak udako istripuak saihesteko informazioa banatuko du abuztuaren 4an (errenteria-Oreretan) eta 5ean (Lezon eta Oiartzunen). Zaindu ezazu zure burua leloaren baitan egingo dute informazio banaketa.
Jakinarazi dutenez, udarako ohiko hamar istripuetatik bederatzi saihestu daitezke. Kanpainaren mezu nagusienak ondokoak dira: Nahiz eta egarria ez izan likido asko edanez hidratatu; zure azal-motarako babes egokia aukeratu, eguzkia hartu baino 30 minutu lehenago eman; saihestu janari oparoak eta izerdiaren bidez galtzen diren gatz mineralak berreskuratzeko entsaladak, gazpatxoa, fruta eta barazki ugari hartu; ez buruz jauzi egin ez badakizu zein den sakonera; uretan poliki-poliki sartu; sorosleari kasu egin eta seinale-banderak errespetatu; eta landareak, animaliak eta ingurumena zaindu. Horiek eta beste hainbat irizpide izango ditu liburuxkak.