Udalbatza zein Berdintasuneko Mahaiko kideak izan dira ekitaldian. Agurra dantzatu diete San Juango arraunlariei, lore sortak eman eta Txomin Garmendiaren bertso batzuk jaso dituzte. Ondoren, mokadutxoa egin dute Ontziolan.

Arraunlariak eta Udalbatza
Kontxako banderarekin, eta EuskoTren Liga poltsikoan zutela, harrera egin die Udalbatzak arraunlariei, Pasaiako udaletxean, Berdintasun Mahaieko kideek lagunduta. Omenaldi xumea egin diete.
Amaia Agirregabiria alkateak Udalbatzaren izenean hartu du hitza. San Juango arraunlariak zoriondu ditu, arraunerako “konpromisoagatik” eta Kontxako bandera “herrira ekartzeagatik”. Gainera, “emakumeek eremu publikoa berreskuratzeagatik” eskertu die. “Emakumeak lehen mailako kirolariak izan zaitezketela erakutsi duzue”, gaineratu du, eta Marea Arroxako kideentzako esker oneko hitzak ere izan ditu. “Zorionak, benetan, irabazi dituzuen sariez gain, berdintasunaren bandera zuena delako egun honetan”, bukatu du hitzalda. Ondoren, alkatea dantzariei batu zaie agurra dantzatzerakoan eta
Txomin Garmendia bertsolariak batelerei propio egin dizkien bertsoak oparitu dizkiete.
Ekitaldia bukatzeko argazkia atera dute udaletxearen kanpoaldean, eta mokadutxoa dastatu dute Ontziola tabernan.