Muga historikoak ezartzeko eskaera entregatu du gaur Pasaiako Udalak aldundian; mugen batzordeko kideak izan dira eskaria helarazten, Amaia Agirregabiria buru zutela. Herriko eragileei datorren astean emango diete mugen auziaren gaineko informazioa.
11:00etan puntuan sartu dira aldundira Pasaiako mugen batzordean biltzen diren kideak, eta eskaria entregatu ondoren, irteeran, egin dituzte adierazpenak hedabideen aurrean. Jakin mina piztu du Pasaiako Udalaren eskaerak beste behin.
Pasaiako Udalak gaur egindako urratsean “erasorik” ez ikusteko eskatu du Amaia Agirregabiria alkateak eta “pausu hau ematea ez dela Donostiaren kontra egitea” nabarmendu du. “Ez dugu inork gai hau eraso bezala ikusterik nahi; gure herriarentzat irtenbidea bilatu besterik ez dugu nahi”, esan du alkateak. Izan ere, “udalerria bukatu gabe dagoen udalerria” dela iritzi dio alkateak, “mugarriak jartzea falta delako”. Aldundiari bideratutako eskaerak “gonbidapen” bat badaramala esan du alkateak “Donostiako Udala gurekin eseri dadin behingoagatik gai honi konponbidea bilatzeko”.
“Eguneroko absurdoak”
Mugen batzordearen izenean Mari Carmen Moglinicki-k hitz egin du eta mugen auziak egunerokoan eragiten dituen “absurdoak” nabarmendu ditu, Antxoko ikastolaren sorrerakoak adibidetzat hartuta: “Duela urte batzuk Donostiari lur zati bat erosi genion, herri bezala ikastola bat izateko eskubidea gauzatu ahal izateko. Gerora jakin genuen lur eremu hori Pasaiakoa zela. Halako hainbat kontraesan eta absurdoak bizi ditugu egunero”. Antxon Eskalantegi kalea eta Papin, eta Trintxerpen Azkuene kalea, mugen auziari lotutako arazoak bete-betean pairatzen dituzten hiru gune dira Pasaian.
Epaitegiek Pasaiari ez diotela arrazoia ukatu ohartarazi du Moglinicki-k, eta Pasaiak udalerria eratu zenean eman zitzaizkion lurrak eskatzekoko eskubidea duela nabarmendu du. Dokumentuetan jasota dagoen errealitatea ordenatu beste nahirik ez dutela nabarmendu du mugen batzordeko bozeramaileak.
Eragileei aurkezpena
Mugen auziaren ingurukoak herritarrekin konpartitu nahi ditu udalak, eta horretarako deialdia luzatu behar zuen ostiralerako. Eguraldi kaxkarraren iragarpenak, ordea, zita atzeratzea eragin du, baina datorren asterako deialdi bat luzatuko dutela iragarri dute.