Datorren urteko tasak eta zergak izoztea onartu du udalbatzarrak
Proposamena onartua izan da oposizioak egindako hainbat emendakin aintzat hartuta; proposamena aurrera egin zezan alkatearen kalitatezkoa botoa beharrekoa izan da.
Datorren urterako zergak eta tasak izoztea proposatu zuen gobernu taldeak atzoko plenoan, eta proposamen horri bost emendakin aurkeztu zizkion EAJk; hiru Ezker Anitzak, eta hamabi PSE-EEk. Azken hauek tasa eta zerga guztietan %1,5ko jaitsiera aplikatzea eskatu zuten. Sozialisten proposamen orokorrak, baina, ez zuen aurrera egin. Edonola ere, taldeek aurkeztutako hainbat emendakin bere egin zituen gobernu taldeak, esaterako, ezkontzera doazen pasaitar langabetuei tasa ez aplikatzea eskatzen zuena, PSE-EEk aurkeztua.
Aitzitik, ez zuten aurrera egin etxebizitza hutsen gaineko tasa bertan behera uztea eskatzen zuten emendakinek, ez EAJrenak ez eta PSE-EEk aurkeztutakoak ere. Izan ere, ogasun zinegotziak jakinarazi zuenez, zerga indarrean jarriz geroztik etxe hutsen kopurua %11 egin baitu behera Pasaian. Datua ontzat emanez, emendakinak ez babestea erabaki zuen gobernuak.
Azkenik, udal gobernuaren proposamena onartua izan zen, baina alkatearen kalitatezko botoari esker, Ezker Anitza abstenitu egin zelako, eta gobernu eta oposizioaren arteko botoen arteko berdinketa izan zelako.
Tokiko inbertsioetarako plana finantzatzeko kreditu-aldaketa ere onartu zuten. Aldaketa honekin, Axular plazako lanak, Rotetako zelaian egindakoak eta Arrokandietako ur biltegia finantzatuko ditu udalak.
Tentsioa eztabaidan
Mozioen eztabaidan giroa gori-gori izan zen atzo. PSE-EEk hondakinak atez ate biltzeko sistema indarrean jarriz geroztik herrian dagoen giro nahasiari aurre egin asmoz mozioa eraman zuen plenora, udalbatzarrak bere egin zezan. Ezker Anitzak, baina, ez zuen testuarekin bat egin eta mozio alternatiboa aurkeztu zuen, “arazoaren parte direnek ezin direla irtenbidea” izan argudiatuta. Ezker Anitzako zinegotziak esandakoak gogor gaitzetsi zituen PSE-EEk eta Xabier Pomboren kontra epaitegietara jotzea aztertuko dutela esan zuten.
Bien bitartean eta bi mozioak aztertzeko egin zuten etenaren bitartean, udal aretoan atez atekoaren kontrako aldarriak eskuetan zeuden bizilagunak aretotik alde egitea erabaki zuten. Aretoa uzten zuten unean, baina, han lanean ari zen kazetari baten kontra hasi ziren hainbat emakume. “Gezurretan” aritzea leporatu zioten, eta “beti Bilduren alde” idaztea. Alkateak udaltzainei gertatutakoen berri jasotzeko agindu eta halako jarrerak ez zituela baimenduko esan zuen.
PPk denok testu bat adostea proposatua zuen, atez atekoaren gaia alde batera utzita, baina PSE-EEk uko egin zion aukera horri, eta bi mozioak botatu zituzten. Hala ere, ez zuten aurrera egin. PSE-EEren mozioak EAJren eta PP babesa baino ez zuen lortua, eta Ezker Anitzarenean EH Bildu eta eta EAJ abstenitu ziren. PPk bi mozioak babestu zituen.