EH Bilduk presio fiskala baretzeari uko egin diola salatu du PSE-EEk
Aurreikuspen ekonomikoak positiboak izanik, pasaitarrek onurak igarri beharko lituzketela defendatu du PSE-EEk.
PSE-EEk tasak eta zergak %1,5 gutxitzeko egindako eskaera aurrera egin ez duelako kexu agertu dira sozialistak. EH Bilduren aurreikuspen ekonomikoak baikorrak izanik, udal gobernu taldeak presio fiskala baretzearen alde egin beharko lukeela defendatu dute. Aitzitik, EH Bilduk duen “dirua biltzeko nahia atez atekoaren ezarpenaren gastuei aurre egin ahal izatea beste nahirik ez” duela defendatu du PSE-EEk. Horrez gain, gobernuak beren proposamenak gutxietsi dituelako kexu agertu dira, “kontrako botoak justifikatu ere ez dituztelako egin”.
Zergak %1,5 gutxitzeaz gain, PSE-EEk hamabi emendakin aurkeztu zituen iragan asteleheneko udalbatzarrean. Besteak beste, zaborren tasa %10 jaistea; lan lizentziak eta ostalarien terrazetako lizentziak gutxitzea; eta etxebizitzen gaineko zerga bertan behera uztea.