Lehen ekitaldia bihar izango da, Khea Ziater taldeak Gezalan antzerki saioa emango du, 'Satisfakzion'. Herriko eragileek antolatuko dute, abenduaren 15etik 24ra, Liburu eta Disko Azoka.

Khea Ziater taldearen ‘Satiskazion’ lanaren irudi bat. Bihar taularatuko dute Gezalan
Bihartik (larunbata) aurrera, adin, gustu eta kondizio guztietako lezoarrek izango dute kulturaz gozatzeko aukera, horren askotariko espresioekin batera. Udalak prestatu duen egitarauari esker, urtarrilaren 17ra egongo da zertaz gozatu herrian, tartean, Gabonetako ospakizunak daudela. “Eskaintza oparoa da. Badago non aukeratu. Herritarrei parte hartzeko gonbidapena egiten diegu”, esan du gaurko aurkezpenean Ainhoa Zabalo alkateak. Ekitaldi horien zerrenda PDF batean jarri du lezoarren eta nahi duen ororen eskura OARSO BIDASOKO HITZA-k. Behean dago hori jaisteko aukera.
Mikel Arruti Kultura zinegotziak egitarauan sakondu du gaurko agerraldian. Hori hiru printzipio oinarri izanda osatu dutela adierazi du: kantitatea eta kalitatea, adin guztientzako ekitaldiak prestatzea, eta denak euskaraz izatea. Egitarauari jaramon eginez gero, Arrutik esan duena ukaezina da.
40tik gora ekitaldi horien artean 16 musikakoak, 7 antzerkikoak, 5 zinemari lotutakoak, bi poesia-dantza eta musika uztartzen dituztenak, eta beste bi erakusketa izango direla nabarmendu du Kultura arduradunak. Eta horietatik batzuek nabarmendu ditu, esaterako, abenduaren 21eko San Tomas Feria (Karlos Saldisen egingo dute, herriko baserritarren produktuekin, besteak beste); hilaren 24rako, Eguberri Egunerako antolatuta dagoen ekitaldi sorta zabala (Lezoko Gazte Asanbladaren kantu jira solidarioa Gipuzkoako Elikagai Bankuaren Alde, Hator Hator iniziatiba, Aiton Bordako kideen korua, Olentzeroren etorrera, preso eta iheslarien aldeko ekimenak…).
Ekitaldi gehienak doan izango dira. Baina badaude batzuk sarrerak hartu behar direna, antzerki saioetarako, poesia errezitaldirako, Demode Quartet taldearen saiorako, edo egongo diren pailazoen bi emanaldietarako (Pirritx, Porrotx eta Marimotots urtarrilaren 5ean, 12:00etan, Bekoerrotan; Txirri, Mirri eta Txiribiton azaroaren 23an, 12:00etan, Gezalan). Sarrerak Kultura aretoan erosi behar dira, edo
udalaren webgunean. Denek bost euroko prezioa dute.
Gainera, herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean aritu direla ere esan du Arrutik, horren seinale jarri du Liburu eta Disko Azoka (abenduaren 15etik 24ra) elkarteek antolatuko dutela..
Bihar, lehenengoa
Ekitaldi sortarekin hasteko, bihar (larunbata, azaroak 8), antzerkiaz gozatzeko aukera egongo da Gezala Auditoriumean. Khea Ziater taldeak
Satisfaktion lana emango du. Sarreren prezioa bost eurokoa izango da, eta Gezalako leihatilan eros daitezke.
Lezoko Kultur Egitaraua