Hilaren 21era arte eszenatoki bilakatuko dira kaleak film laburren jaialdiarekin.
Iritsi da zinemaren festa Pasaiara. Trintxer Kulturala elkarteak antolatuta, datorren astean abiatuko da film laburren erakustaldia, Ikuska. Tamaina laburreko lanen festa hilaren 15ean hasi eta 23ra bitartean luzatuko da, baina datorren astean jada jaialdiari lotutako hamaika jarduera izango dira.
Atzo aurkeztu zuten XVI. Ikuska, Trintxerpeko alkateordetzan, Kike Santiago jaialdiaren zuzendaria han zela. Laguntzaileek inguratuta agertu zen Santiago, eta hark esan zuenez, «sinergiak bilatzea» izan da aurtengo Ikuskaren helburua, horregatik agerraldi jendetsua. Eragile askoren elkarlanaz eraiki dute aurten Ikuskaren programazio osoa.
Ikasleen partaidetza
Pasaiako merkatarien eta ostalarien elkarteak erakusleiho lehiaketa antolatzen du urtero Ikuskarekin batera. Aurten, baina, berritasunak daude lehiaketan. Kunsthal, Irungo Arte Plastiko eta Diseinu eskolako ikasleek muntatuko dituzte erakusleihoak, guztiak batera, asteartean, eta asteazkenean erakutsiko dituzte guztiak. Denda bakoitzean pelikula bati buruzko erakusleihoa atonduko dute ikasleek, eta bezeroek zein pelikula den asmatu eta zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute.
Lizeoko ikasleek ere parte hartuko dute aurten Ikuskan. DBHko 3. mailako ikasleek dantza garaikideko koreografia bat landuko dute datorren astean,
Five Days To Dance proiektuaren barruan, Wilfried Van Poppel eta Amaya Lubreigtek gidatuta.
Ikastolan datorren astean landuko duten dantza,
Albaolaren Kultur Faktorian aurkeztuko dute hilaren 23an ikasleek,
Isiltasunaren ahotsa izenburupean. Donostia 2016k ere parte hartuko du proiektuan.
Horrez gain, aurten bigarrenez Mintzagun saria emango diote Ikuskan euskarazko film labur onenari. Oarsoaldeko euskaltegietako ikasleek aukeratuko dute film onena. Hartara, euskaraz ekoiztutako lanak Gipuzkoara zein nazioartera zabaltzeko ahalegina egingo dute Ikuskakoek aurrerantzean, euskaltegi eta Etxepare Institutuarekin elkarlanean.
Jaialdia zabaltzen
1.000 lan baino gehiago jaso dituzte aurten Ikuskan, eta horietatik 29 hautatu dituzte
sail ofizialerako. Horiek guztiak, aurten lehenbizikoz, Trintxerpeko alkateordetzan ez ezik, Donibanen eta Antxon ikusteko aukera izango da hilaren 17, 18 eta 19an. San Pedroko emanaldiak datorren urteko Ikuskan hasiko direla iragarri dute.
[box]
Egitaraua:
Asteartea, hilak 11:
10:00: Euskarazko film laburren proiekzioa Orasoaldeko euskaltegietako ikasleentzat, Errenteria Hiria Kulturgunean. Ikasleek Mintzagun saria emango dute.
Larunbata, hilak 15:
19:30: Ikuskaren inaugurazioa, eta Emea eta anitza saioa, Bekoz Bekok antolatuta.
22:30: Gau guasa, umrezko film laburrak.
Igandea, hilak 16:
13:00: Donibaneko Konstantzia Musika Bandaren kontzertua. Soinu bandak interpretatuko dituzte Santiago plazan.
19:00:
Five days to dance dokumentalaren emanaldia, Trintxerpeko alkateordetzan.
Hilaren 17tik 21era:
20:00: Lehiaketarako film laburren emanaldia, Trintxerpeko alkateordetzan, Donibaneko Victor Hugo etxean eta Antxoko kultur etxean. (Donibanen eta Antxon emanaldia, astelehen, astearte eta asteazkenean izango dira).
Eskola jazarpenari buruzko Hirikide proiektuaren barruan, gaiaren gaineko film laburren proiekzioa izango da hilaren 20an, Haurren eta Nerabeen eskubideen aldeko nazioarteko eguna ospatuz.
Lizeoko ikasleek Isiltasunaren ahotsa koreografia sortzeko tailerra izango dute aste osoan, Five days to dance proiektuaren barruan.
Hilak 21, ostirala:
22:30: Jakin Mina pizten duen bat. Intrigazko film laburren emanaldia.
Hilak 22, larunbata:
19:30: Epaimahairen erabakia eta sari banaketa. Ondoren, film labur sarituen emanaldia.
Hilak 23; igandea:
13:00: Trintxerpeko Illunbe Musika Bandak, kontzertua eskainiko du Serafin Esnaola plazan, soinu-bandak interpretatuz.
[/box]