San Pedro Pysbekoa, udalak aurten antolatu duen antzeko bigarren parte hartze prozesua da. Helburua, zein ekipamendu hobetu behar diren erabakitzea da auzotarrekinbatera.
Ainhoa Zabalo
Parte hartze prozesua zabalduko du udalak larunbatean San Pedro Pysbe auzoan. Helburua auzo ekipamenduak hobetzea da, eta horretarako 50.000 euro inbertituko ditu udalak. Auzotarren erantzuna ezinbestekoa dela esan du Ainhoa Zabalok gaur goizean prozesua azaltzeko egin duen agerraldian: “Larunbatean zabalduko dugun parte hartze prozesuan parte hartzera deitzen zaituztet, parte aktiko izatera. Zuen iritziak, iradokizunak edo-eta ekarpenak entzun nahi ditugu, azken finean, zuek ezagutzen duzelako inork baino hobeto auzoa, eta bertan dituzuen beharrak”.
Bi bilera egingo ditu udalak 50.000 euroak zertan inbertitu erabaki baino lehen. Larunbatean bertan izango da lehena, 11:00etan musika eskolan, eta udalak proposamena eramango duela zehaztu du alkateak, “bizilagunen eskaerak aintzat hartuta osatu dugu proposamena, eta besteak beste, atzeko bidea garbitzea eta koskak kentzea; iturria konpontzea, ura iosurtzen delako eta neguan izoztean arazoak eragiten dituelako; plazako zuloak ixtea, zuhaitzek apurtu dutelako zorua; barandak margotzea eta asfaltoa konpontzea proposatuko diegu bizilagunei”.
Bizilagunen ekarpenak
Larunbateko bilera lau zatitan banatuko dela era azaldu du Zabalok. Sarrera egingo dute eta ostean, udalaren proposamena azalduko diete San Pedro Pysbeko bizilagunei. Auzotarren ekarpenak jasoko dituzte ondoren eta azkenik, balorazioa egingo dute. Horren harira, proposamen zehatzak eramateko eskatu die alkateak bizilagunei, izan ere horiek jasota udal teknikarien eskutan uztiko baitituzte bideragarriak diren aztertzeko.
Bigarren bilera hilaren 29an deituko du udalak 11:00etan eta musika eskolan hori ere. Lehnengo bileratik hamabost eguneko epea izango dute udal teknikariek jasotrako ekarpenen bideragarritasuna aztertzeko. bilera horretan gainera, galdeketa egingo du udalak auzotarrek erabaki dezaten proposamen egokiena.
Urtebetean, bigarrena
Honakoa da udalak urtebetean abaitzen duen mota honetako bigarren parte hartze prozesua. Lehena Altamira auzoan egin zuen eta erantzunarekin “oso pozik” azaldu da Zabalo. Une honetan bertan adostutakoak burutzen ari dela udala zehaztu du, gainera: “parkeak berritu dira, mahai eta aulkiak jarri dira… kasu batzuetan lanak nahi baino gehiago luzatzen badira ere”. Prozesu hauen bidez udalak herritarrekin hartutako konpromisoa berresten duela nabarmendu du bestalde Lezoko alkateak, “herritarrei hitza eta erabakitzeko ahalmena emanez”.
Hurrengo parte hartze prozesua Gaintxurizketa auzoan egingo duela udalak ere aurreratu du Zabalok. 2015eko lehenengo lauhilekoan egingo dute.