Juan Karlos Estevez Paz 'Melli'-k "mendekutzat" jo du bere kontrako zigorra
Oreretarraren kontrako atxilotze agindua emango du gaur Espainiako Auzitegi Nazionalak eta edozein unean atxilotu dezakete. HITZA-k haren adierazpenak jaso ditu.
Juan Karlos Estevez Paz ‘Melli’ (Donostia, 1969) espetxeratzeko agindua emango du gaur Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta honenbestez, Oreretako preso ohia edozein unean atxilotua izan daiteke. Aurreko espetxealdian erdizka betetako zigorra osorik bete dezan atxilotuko dute. Mellik harridura agertu du atxilotzeko aginduaren aurrean, auzia bertan behera utziko zutelakoan zegoelako bere abokatua. “Mendekutzat” jo du bere kontrako zigorra: “Ezker abertzalearen aldetik eta ETA erakundearen aldetik mugimenduak egin eta pausuak eman dira, eta Estatuaren aldetik errepresioa da erantzun bakarra. Ez daukate inolako gogorik gaia konpontzeko”.
Aurtengo otsailean 3an askatu zuten Melli, orain berretsi duten auziari lotutako helegite bat tarteko. Mellik orain jakin ahal duenez, bere kontrako epaia urriaren 15ean idatzi zuten, baina abokatuari lehengo ostegunera arte ez diote jakinarazi. Sei urteko zigorra berretsi dute epaian, eta honenbestez, betetzeko izango lituzkeen hiru urteak betetzeko espetxeratuko dute.
Aurretik hamabost urte eta erdi egin ditu preso Mellik, horietako hamabi eta erdi Estatu Frantsesean, eta beste hiru Madrilen eta Alacanten. Bederatzi hilabete eman ditu aske.