Desjabetu behar duten etxe baten enkantea atzeratu dute, udala bitartekari
Irungo alkate Jose Antonio Santanok adierazi duenez banketxeak egoera ulertu eta enkantea atzeratzea eta etxea enkantera ez ateratzeko baldintzak berriro negoziatzea onartu du.
Etxe desjabetzeen auziarekin beren konpromisoa berretsi nahi izan du Irungo Udalak, eta horretarako desjabetu behar zuten emakume irundar baten kasuan bitartekari lanak egin eta etxearen enkantea atzeratzea lortu du. “Arazo honen irtenbidea bilatzea denon ardura” dela adierazi zuen atzo Santanok, enkantearen atzeratzearen berri ematearekin bat.
Bide batez, 2012ko maiatzean, Irungo Udalak kasu hauen jarraipena egiteko zerbitzu berezitua sortzea adostu zuela gogoratu zuen alkateak. Erabaki haren ondorioz, Irunen talde politiko guztietako ordezkari bana eta Stop Desahucios taldearen ordezkariak biltzen dituen talde bat ari da lanean. Atzo zehaztu zutenez, taldea eratuz geroztik, 60 kasuren jarraipena egin dute.