Atzo hasi zen, Mikelazulon, XX. Herrien Astea. Unai Aranzadiren Kolonbia ikusezina dokumentala eskaini zuten, eta Asturiasen errefuxiatuta dagoen Felix Barrios Garcia sindikalista kolonbiarrak hartu zuen hitza emanaldiaren ondoren.
https://www.youtube.com/watch?v=3n1ZWcinDUo
Unai Aranzadiren
Kolonbia ikusezina dokumentalarekin hasi zen atzo, Mikelazulon, Herrien Astea. Mundubateko Fernando Vaquerizok egin zuen dokumentalaren aurkezpena, eta Kolonbian paramilitarrek hil zutela hamabost urte bete zirenean, Iñigo Egiluzen omenezko hitzak izan zituen.

‘Kolonbia ikusezina’ dokumentalarekin hasi da Herrien Astea
Dokumentalaren ostean, Felix Barrios Garcia Kolonbiako Central Unitaria de los Trabajadoreseko batzordeko kideak hartu zuen hitza. Asturiasen errefuxiatuta dago sindikalista, bere herrialdean atentatu bat jasan ostean. Azaldu zuenez, Kolonbian ezin da paramilitarrei buruz hitz egin, “hitz egin dutenak segituan deusezten dituztelako”. Bere esanetan, paramilitarrak transnazionalek finantzatzen dituzte, “lurrak okupatu eta arpilatzeko beharrezkoak dituzte enpresek”. Horregatik, enpresa horiek eragiten dituzten kalte ekologikoen kontra protesta eginez gero, “erail egiten gaituzte”, adierazi zuen Garcia Barriosek.
Kolonbiako Gobernua eta FARCek orain arte izan dituzten negoziazioei buruz, CUTeko kideak bere iritzia eman zuen. “Juan Manuel Santos presidentea lehenago Defentsa ministro izan zen, eta gerrillaren kontra gogor ekin zuen. Orain, multinazionalek finantzatu dute, eta trukean erakutsi nahi die bakerako giroa egongo dela Kolonbian, lasai inbertitu dezaten”. Lau bake prozesuetatik luzeena da egungoa, “eta iraun dezala” espero du Barrios Garciak.
Negoziazioek nekazarien egoera —”ez guztiz”— hobetuko duela uste du Barrios Garciak. “Orain arte nekazariek, TLCaren erruagatik, ez dute laguntza publikorik jaso”, zehaztu zuen. Publikoko galdera bati erantzunez, esan zuen laguntza horiek kokaren uzta gutxituko lukeela, eta ondorioz, narkotrafikoa gutxituko.
Otsailean bere herrialdera itzuliko dela iragarri zuen. “Borrokatuko gara, irabaziko dugulako. Hiltzen bagaituzte bakarrik isilduko gara”, esan zuen. “Bakea egingo da justizia soziala lortzean”, gaineratu zuen.

Felix Barrios Garcia, sindikalista kolonbiarra