Santa Zeziliaren harira, musika festa egingo du Oiartzungo Ibargainek astelehenean

Musika eskolatik plazara kalejira egin, eta bertan hiru kanta interpretatuko eta abestuko dituzte 17:45ean musikari gazteek. Herritarrek ere kantatzen parte har dezakete.

Hilaren 24an (astelehenean), 17:45ean hasita eta Aialde kalean nahiz Doneztebe plazan, musika festa egingo dute Ibargain Musika Eskolako ikasleek, Santa Zezilia musikarien zaindariaren egunaren harira (bihar da eguna). Lehenik, musika eskolako ataritik abiatuta, kalejira egingo dute musikariek Aialde kalean zehar eta Doneztebe plazaraino. Bertan, udaletxearen parean, abesti ezagunez osatutako egitaraua eskainiko dute; azken hau irekia da, abesti ezagunak izanik, herritarrak gonbidatu dituzte kantuz parte hartzera. Hori eginda, berriz ere eskolara itzuliko dira musikariak. Plazako kantak hiru izango dira, esan bezala, herritarrek ere kantatzeko modukoak: Uso zuria, Tilili, talala eta Txapeloaz. Jardueraren helburuak dira, musikarien patroiaren ospakizuna egiteaz gain, musika eskola kalera ateratzea (batez ere ikasle gazteenak), publikoak haiekin bat egitea, eta ondo pasatzea.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.