Atez atekoa "kontrol, mehatxu eta isunen bitartez" ezarri nahi dutela salatu du EAJk
Ulia etorbidea "zelatatzeko agindua eman" izana kritikatu dute jeltzaleek, eta "herritarrak aginduak jarraituta elkarren aurkako salaketak jartzen" ari direla ohartarazi.
Pasaiako EAJren arabera udal gobernu taldeak ez du “kaleko haserrea eta arazoa bideratzen jakin” eta “inposizioaren bideari” heldu diotelakoan kexu agertu dira. Esan dutenez, “ezker abertzaleko mandatarien aginduei jarraiki bizilagunak dira zabor poltsak lurrean uzten dituzten beste bizilagunak salatzeaz arduratzen direnak”, eta horrek giroa are gehiago gaiztotu beste ondoriorik ez duela izango nabarmendu dute. “Bilduk sorgin ehizari ekin dio Pasaian”, jarraitu du jeltzaleen bozeramaile Nahikari Oterminek, eta “alkateak Ulia etorbidea zelatatzeko agindua eman” izana deitoratu du, neurriak “zabor poltsak lurrean uzten dituzten herritarrak harrapatu” beste helbururik ez duelako. “Hausnartzeko eta erabakian atzera egiteko” eskatu dute beste behin jeltzaleek.