Aurresku eta Soinu Zahar txapelketak, larunbatean
Mutiletan Iker Larunbe atarrabiarra da aurtengo faborito nagusia eta aurtengo txapelketa irabaziz gero Atarrabiara eramango luke behin betiko Tomas Muruaren garaikurra; Nesketan, iazko irabazle Izar Etxeberria oiartzuarra da saria eskuratzeko hautagai nagusia.
Euskadiko XXXIV. Gipuzkoar Aurresku txapelketa eta Euskadiko VIII. Soinu Zahar txapelketa; biak izango dira jokoan larunbatean, Pasai Donibaneko kiroldegian, 18:30etik aurrera. Alkarkidek antolatzen du txapelketa, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren eta Pasaiako Udalaren laguntzaz. Gaur aurkeztu dute txapelketa, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean. Esan dutenez, aurten hamahiru neskek parte hartuko dute Soinu zahar txapelketan, eta 11 mutil aurresku txapelketan. Mutiletan faborito Iker Larunbe atarrabiarra izango da. Lau bider irabazi du Larunbek txapela, eta aurten irabaziko balu jokoan den Tomas Muruaren garaikurra Atarrabiara eramango luke behin betiko. Nesketan, lehia irekiagoa egon daitekeela uste dute antolatzaileek. Iazko irabazle Izar Etxeberria oiartzuarrak parte hartuko du lehian, baina kontrarioek azken aldian maila polita erakutsi dutela jakinarazi dute txapelketako irabazleek.
Bilakaera
Ibilbide luzea du Pasaian Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketak eta urteen poderioz txapelketa berak bilakaera handia izan du. Antxon jaio zen txapelketa, Alkartasuna dantza taldearen eskutik. Orain dela zortzi urte, baina, eszenatokia aldatu zuten antolatzaileek. Antxon egin zen bitartean, Gure Zumardian izaten zen txapelketa, kalean, baina ikuskizunerako egokiagoa izango zela iritzita, Donibaneko kiroldegira lekualdatzea erabaki zuten. Leku aldaketarekin batera, beste hainbat aldaketa izan ziren; Soinu Zahar txapelketa hasi ziren egiten, neskei tokia eginez, eta ikuskizunaren formatuan bestelako aldaketak egin zituzten, ikusgarriagoa egin nahian. Antolakuntzan ere izan zen aldaketa, eta Alkarkidek –Alkartasunako dantzari ohiak– hartu zuen antolakuntzaren gidaritza.
Gaurko aurkezpenean jakinarazi dutenez, ordea, azken urteetan, berriro ere antzinako formatua berreskuratzea erabaki dute, eta hastapenean bezala, bakarka aritzen dira dantzan berriro ere parte-hartzaileak. Eszenatokia ere, aldatu nahiko luketela adierazi dute, eta pilotalekuko lanak bukatuta, ez dute baztertzen txapelketa berriro ere Antxora itzultzea.
[box]
Parte-hartzaileak:
Euskadiko XXXIV. Gipuzkoar Aurresku Txapelketa:
1. Beñat Asensio Lezo
2. Aitor Asenjo Elgoibar
3. Asier Rios Errenteria
4. Beñat Salegi Errenteria
5. Luis Garcia Errenteria
6. Jokin Veintemillas Errenteria
7. Iker Sanz Lezo
8. Aritz Olarte Oiartzun
9. Iker Larunbe Atarrabia
10. Xanti Leonet Oiartzun
11. ekain Susperregi Oiartzun
[/box]
[box]
Euskadiko VIII. Soinu Zahar txapelketa
1. Leire Amiano Lezo
2. Mapi Egues Ibarra
3. Andrea Arregi Elgoibar
4. Nerea Azkue Lezo
5. Alaitz Egaña Elgoibar
6. Janire Fernandez Lezo
7. Izar Etxeberria Oiartzun
8. Udane Eskudero Oiartzun
9. Maider Lizeaga Pasai Donibane
10. Maddi Otegi Villabona.
11. Izar Aizpuru Oiartzun.
12. Ane Urruzola Villabona.
13. Izaro Urrestarazu Ibarra.
[/box]