Elizaldeko Guraso Eskolan, iaz baino partaide gehiago
Astelehenero bilduko dira gurasoak, zortzi saiotan banatuta, 15:00etatik 16:30era, umeekin lantzeko hainbat irizpide jasotzea helburu.
Iazko arrakasta ikusita, aurten ere Guraso Eskolak egingo dituzte Elizalde Herri Eskolan. Eta gainera, iazkoa gainditzeko moduan daude, izan ere, jada, iazko partaideen bikoitzak eman duelako izena eskola horietarako. Hilabete bakoitzeko bigarren astelehenean egingo dituzte eskola horiek, 15:00etatik 16:30era, zortzi saiotan banatuta (iaz lau izan ziren).
Azalpen teorikoak landu eta ariketa praktikoak egiten dituzte eskola horietan, Arantza Ezkerra psikologoaren gidaritzapean (eskolako ikasle baten ama da). Hala nola autonomia, atxikimendua, giza trebetasunak, gatazken bideratzea, afektibitatea eta frustrazioen onarpena daude lantzen dituzten gaien artean.
“Gurasoen parte hartzea beharrezkoa da umeek dituzten erronketan arrakasta lortzeko”, esan dute Elizaldeko kideek. Hala, gurasoen eta ikasleen arteko elkarlanean dago arrakasta horren muina, ikastetxeko kideek zehaztu dutenez.