Madalensoro kanpoan ganadu geria handiaz gozatzeko aukera izango da hilaren 20an. Pilotaleku barruan, berriz, azoka jarriko dute. Herriko kaleetan ere izango da giroa.
Hilaren 20an, larunbata, egingo dute aurten Oiartzungo Txerri Eguna. Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunearen eta herriko eragileen nahiz tabernarien elkarlanari esker antolatu dute aurten ere jaia, eta berritasun nagusia izango da Madalensoroko plazan egingo den ganadu feria handia. Noski, herrian nahiz Madalensoron ere egongo dira ekitaldiak, askotarikoak gainera. Atzo aurkeztu zuten eguna, plazan. Baserritar jantziarekin agertzeko eskatu zieten herritarrei.
“Ganadu feria mundiala” iragarri dute hilaren 20rako. “Oiartzuar prestu batzuek” egindako lanari esker osatu dute feria handia, “aspaldian ez du mereziko lukeen ganadu feria eduki Oiartzunek, baina aurten, feria zabala eta anitza ikusteko eta gozatzeko aukera izango dugu”. Ganaduaz gain (behiak, zaldiak, behorrak, oiloak, ahuntzak, txerriak…), Arane, Basasoro eta Bordondo baserrietako kideek haur eta gaztetxoen artean baserriko esnea banatuko dute bertan. Noski, txerria ezin falta. 200 kiloko bat ikusteko aukera izango da pilotalekuan.
Madalensoro barruan egingo da artisauen azoka, 10:30etik aurrera. Herriko ikastetxeetako kideek ere jarriko dituzte postuak. Bertan, gazta, esku lanak, herriko taldeen materiala, barazki saskiak eta bestelakoak erosteko aukera izango da. Azokan erosketak egiten dituztenen artean Errigorako bi saski zozkatuko dituzte 13:30ean.
Eta kaleak ere giroa izango du. Herriko tabernariek ahalegina egingo dute bide horretan, dantzariak, musika eta bestelakoak ez direlako faltako. Hori bakarrik ez, plazako tabernetan pintxo-pote berezia izango da: kontsumizioarekin batera, txistorra pintxo berezia eta zozketa batean parte hartzeko txartela emango dituzte.
Honakoa da egunaren egitarau xehetua:
- 09:00etan, ganadu feria zabalduko dute Madalensoroko plazan.
- 10:30ean, azoka zabalduko dute Madalensoro pilotalekuan.
- 11:00etan, dultzaineroak herritik zehar.
- 11:00-12:00, ikastetxeetako dantzarien saioak herritik zehar.
- 13:00-14:00, Muxikoak herriko plazan.
- 13:30ean, Errigorako bi saskiren zozketa Madalensoron.
- 14:00etan, tabernarien saskiaren zozketa Doneztebe plazan.
- 14:00etan, azoka itxiko dute