Bertso eskolen topaketa izango da bihar Donibanen
Itaia Kolektiboak antolatu du topaketa, eskualdeko euskara batzordea eta Gipuzkoako bertsozale elkartearen laguntzaz; eskualdeko bertso eskoletako haur guztiak bilduko dira Donibanen; jolasak, askaria, eta bertso saioa izango dira.
Itaia Kolektiboak Oarsoaldeko bertso eskolatako haurren topaketa antolatu du biharko Donibanen. 18:00etan bilduko dira bertsolari txikiak, Lizeoak Donibanen duen Haur Hezkuntzako eraikinaren jangelan (JJ Otaegi plaza). Askariaren aurretik jolasak egingo dituzte, elkar ezagutzeko, eta ondoren askaria. Jaia, nola ez, bertsotan amaituko dute. Itaia Kolektiboak Gipuzkoako bertsozale elkartearekin, eta eskualdeko euskara batzordearekin elkarlanean antolatu du topaketa.