EAJ: "Bilduren lehentasun bakarra atez atekoa jartzea izan da"
Legegintzaldiaren balorazioa egitekoa gaur egin duten prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak jeltzaleen bozeramaile Nahikari Oterminek.
EAJko hiru zinegotziak agertu dira gaur goizean prentsa aurrera “legegintzaldiaren eta batez ere azken urte politikoaren balorazioa” egiteko. Jeltzaleen bozeramaile Nahikari Oterminek nabarmendu duenez, azken urtean “atez atekoa jartzea izan da Bilduren lehentasun bakarra”. “Konfrontazio politikak” aurrera eraman izana eta “akordioetara iristeko interes eza” leporatu dio koalizio abertzaleari. Bide beretik “pasaitarren interesen gainetik, beren interesei soilik” erreparatzea egotzi diete. Zentzu horretan, EH Bilduren agintaldiaren bereizgarriak “inposizioa, eta gardentasun eza” izan direla esan du Oterminek.
“Kudeaketa eza”
Oso kritiko izan dira jeltzaleak gobernu taldeak aurrera eraman duen kudeaketarekin, eta Euskadi etorbideko lanak edo Antxoko frontoiarenak “garaipen gisa” aurkeztea deitoratu dute, 2008ko biziberritzerako hitzarmenean jasotako jarduerak direlako. “Ez dugu guk hori txalotuko zazpi urte izan dituztenean lan horiek egiteko”, esan dute. Kudeaketa “txarraren” eredutzat, San Pedroko Bou Nabarrako aparkalekua aipatu dute dute baita ere, udan martxan izango zela iragarri ondoren, oraindik ere ez dagoelako funtzionamenduan. Epe laburrena martxan jarriko dutenik ez dute uste jeltzaleek, “ez delako mugimendurik egin zentzu horretan, eta ez duelako inongo trazarik”.
Protesta harira
Kazetariei erantzunez, atez atekoaren kontra zakar poltsak lurrean uztea “zikina” iruditzen zaiela adierazi du Oterminek, eta zera gaineratu du: “Zikina iruditzen zaigu, paretetan pintaketak egitea edo herria pankartaz jostea zikina iruditzen zaigun bezala, baina guztiak neurri berean epaitu behar dira, eta batzuk protesta eta adierazpen askatasuna badira, besteak ere hala dira”.