'Oroitzene Lezoko sorgina' ipuin berria argitaratu du udalak
Bihar arratsaldean ipuin berria kontatuko du Apaxi kontalariak Gezalan, 18:00etatik aurrera.
Udalerriko pertsonaiak ezagutarazteko ahaleginean jarraitzen du Lezoko Udalak, eta Iraitz Ugaldek idatzitako Trapujale eta Aritz Gorrotxategik idatzitako Zabarre pirataren gaineko ipuinak argitaratu ondoren, Oroitzene Lezoko sorgina ipuina aurkeztuko du gaur goizean.
Protagonista emakumea izatea ez dela kasualitatea esan du Mikel Arruti Euskara eta Kultura zinegotziak: “Genero ikuspegiari garrantzia ematea eta gure herriko historian emakumearen presentzia aldarrikatzea garrantzitsua dela uste dugu. Badaude beste proiektuak baina genero ikuspegiarena landu beharreko gaia iruditzen zaigu”.
Asmatutako istorioa
Joseba Aurkenerena idazle eta irakasleak idatzi du hamasei orrialdeko ipuina eta Ainhoa Jauregik egin ditu ilustrazioak.
Jaizkibel magalean, Oroitzene borda zaharrean bizi zen Gaxuxa sorginaren istorioa kontatu du bertan Aurkenerenak. Izan ere sorginak Gaxuxa izena badu ere, ezagunagoa den Oroitzene bordarena hartu baitu. Ez dela benetako istorioa Oroitzenerena, asmatutako kontakizuna dela esan du Arrutik, “Lezo aldizkariaren 5. alean argitaratu zen lehen aldiz 1990. urtean. Orain egokitu, berritu eta modu atseginagoan jaso dugu. Eta asmatua izan arren, Lezon oso sustraitua dagoen pertsonaiari, Oroitzene erraldoiari, bizia eman nahi izan diogu”. Izan ere Oroitzene izena du Lezoko AEK euskaltegiak, eta Gaxuxa bertako emakume taldeak.
Ipuin kontaketa bihar
Behin argitaratuta, ipuina zabaltzeko asmoa duela udalak esan du Xanti Val Kultura teknikariak. Horretarako, gabonetako programazioaren barruan ipuinaren kontaketa egingo du bihar Apaxi ipuin kontalariak Gezalan 18:00etatik aurrera. Astelehenetik aurrera, berriz eta urtarrilaren 24a bitartean Gabonetako Liburu eta Disko Azokan salgai izango da liburua, bost euroan.
Ikastetxeekin lanketa berezia egingo duela udalak Oroitzeneren ipuina eta istorioa zabaltzeko gaineratu du Kultura teknikariak, bestalde: “Ikastetxeetan hainbat ale utziko ditugu ikasgelan lanketa egin dezaten ikasleekin”.
Arrutik eskerrak eman dizkio azkenik Aurkenerenari, “Lezoko kultur ondareari egindako ekarpenagatik”.
