Aldundiak Kaiko Herrera erostea proposatu dio jaurlaritzari
Proposamenaren arabera, bi erakundeen artean lurra erosi eta biziberritzeak eskatzen dituen inbertsio nagusiak bultzatuko lituzkete bertan; horretarako, hamabi milioi euro inbertitu beharko lituzke erakunde bakoitzak, Portu Agintaritzak salerosketaren ondorioz baliabideak eskuratu eta gaur egungo portua eraberritu dezan.
Aldundiko iturriek gaur jakinarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen eta lurralde antolaketako departamentuetako ordezkaritzek bilera egin zuten atzo, Izaskun Iriarte sailburuordea eta Iñaki Errazkin foru diputatua buru zirela. Gipuzkoako ordezkaritzak atzoko bileran luzatu zuen Kaiko Herrera erosteko proposamena. “Proposamen praktikoa eta erreala da, eta egingarria, borondate politikoa badago”, esan du Martin Garitano diputatu nagusiak gaur goizean proposamena iragartzeko egin duen prentsaurrekoan. “Proposamen honekin biziberritzearen lehen pausoak emango genituzke, alferrikako luzamenduetan sartu gabe”, gaineratu du.
Aldundiaren arabera, Kaiko Herrera erosteko, hamabi milioi euro ordaindu beharko lituzkete bi erakunderen artean, eta modu horretan, lurraren izaera publikoa bermatu eta biziberritzeari ekin ahal izatea lortuko lukete. Bide batez, Portu Agintaritzak, lurraren salerosketaren ondorioz lortutako diruarekin egungo portuaren biziberritzeari ekin ahalko lioke.
Herritarren esku
Garitanok esan duenez, “Pasaitarrek, beti, La Herrera herritarren esku uztea” eskatu dute, eta beren proposamena eskaerari horri erantzuten diola argitu du: “Horixe da Foru Aldundiaren proposamenaren funtsa: instituzio publikoek Kaiko Herrerako lurrak erostea, badiako udalerrien eta herritarren eta Gipuzkoa osoaren beharretara egokitzeko, eta hortik abiatuta, badiaren benetako biziberritzeari heltzeko”.
Eusko Jaurlaritzari ez ezik, Portu Agintaritzari ere zuzendu zaio Garitanok, eta akordioa egonez gero, salerosketa hau ahalbidetu dezan eskatu dio. Garitanoren ustez, proposamena interesgarria da Portuarentzat, “egin beharreko inbertsioak egiteko aukera handiagoa izango lukeelako salerosketaren ondorioz”.
“Proposamen errealistak eta zehatzak egiteko eta arduraz jokatzeko garaia da” esan du Garitanok eta Pasaiako badia biziberritzeko, erakunde publikoek pausoak ematen hasi behar dutela nabarmendu du.