'Jostunak' dokumentala aurkeztuko du Gure Esku Dago-k larunbatean
Pertsonalitate askoren iritziak bildu dituzte dokumentalean, guztiak erabakitzeko eskubidearen gainekoak; dinamikaren sortze prozesua laburbildu, eta Kataluniako nahiz Eskoziako esperientziak jaso dituzte baita ere. Larunbateko aurkezpenean, dokumentala aurkeztean gainera, herriko dinamikaren berri emango dute; 11:45an da zita, Niessenen.
http://youtu.be/HqQsEIjx9i4
Gaur arratsaldean estreinatuko dute Bilbon ‘Jostunak; herritarren borondateak jositako istorio bat’ dokumentala. Gure Esku Dago dinamikaren sustraitze prozesua kontatzen du filmak, eta erreferenteak diren hainbat lagunen adierazpenak bildu dituzte. “Erabakitzeko eskubidearen inguruko korapilo nagusiak askatzeko ahalegina” dela iragarri du Gure Esku Dagok. Dokumentalean agertzen direnen artean daude, besteak beste, Garbiñe Biurrun epailea, Gemma Zabaleta Jaurlaritzako sailburu ohia, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi izandakoa, Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohia eta Tomas Urzainki historialaria.
Herriko dinamikaren berri
Dokumentalaren aurkezpena herriko dinamikaren berri emateko baliatuko du Errenteria-Oreretako Gure Esku Dagok. Iragarri dutenez, ekainera bitartean herrian egingo direnak azaldu eta oihalekin prestatu behar den mosaikoa nola osatuko den irudikatzeko baliatuko dute aukera.
Ekitaldia herritar orori zabalik da. 11:45ean hasiko da, Niessenen.