Alderdiar ezkertiar eta independentistaren ustez, "espetxe politika da PPren tresna nagusia Euskal Herriak bakearen bidean aurrera egin ez dezan". Espetxe politikaren kontra eta presoen eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzeko dei egin dute.
Elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean,
Espetxe politikari stop! Preso eta iheslariak etxera! lelopean. Sortuk adierazi zuenez, “espetxe politika kriminalari eustea” da PPko gobernuaren helburua. “Izan ere, espetxe politika da PPren tresna nagusia Euskal Herriak bakearen bidean aurrera egin ez dezan”, gaineratu zuten. Gogorarazi zutenez, duela hiru urte utzi zuen ETAk jardun armatu, eta ordutik hona “espetxeetako egoerak okerrera egin du”. Euren iritziz gobernuak hartutako hainbat neurri zenbatu dituzte: “Zigorren luzatzea, biziarteko zigorra ezarriz; sakabanaketa; isolamendua; preso gaixoak espetxean mantentzea eta jipoitzea…”. Presoen senideak “erruleta errusiarrera kondenatzen” dituztela gaitzetsi zuten.

Presoen aldeko elkarretaratzea
Horregatik guztiagatik, euskal presoen eskubideen aldeko borroka “indartzea” eskatu zuten, “espetxe politika kriminalaren kontra borroka egitea bakearen eta konponbidearen alde jardutea delako”. Euren iritziz, espetxean presoak dauden artean, “ezingo da bake agertoki bat finkatu”. Espetxe politika horrekin bukatzeko “herri mobilizaziora” deitu dute. Horrela, larunbatean Donostian eta Iruñean EH Bilduk deitutako manifestazioetan parte hartzeko gonbidatu du Sortuk, baita urtarrilaren 10ean Bilbon egingo denera ere. Gabonetan Errenteria-Oreretan egingo diren presoen aldeko ekitaldietara joateko deia luzatu dute.