Puntetako luiziak bokaleko azpiegitura elektrikoa hondatu du
Ontzien trafikoa arautzeko argiteria hondatu egin da, eta oinezkoentzako bidea moztuta jarraitu beharko du.
Luizi ikusgarria izan da Pasaiako bokalean, Donibaneko puntetan eskalatzaileak darabilten paretaren ondoan. Zenbat lur mugitu den zehazki inork ez dakien arren, luiziak utzitako zuloa begi-bistakoa da, nabarmena. Portuko arduradunek uste dute lehengo abenduaren 30ean gertatu zela luizia, inguruko azpiegitura elektrikoa ordutik dagoelako funtzionamendutik kanpo. Portuko trafikoa arautzeko darabilten argia da hondatu dena, luz de fraile izenez ezaguna dena.
Azken hau ez da inguru horretan gertatzen den lehen luizia. Lehengo otsailean Alabortzaren inguruan erori zen mendi magala, eta izatez, oinezkoentzako bidea ordutik dago itxita. Portuko obretako arduradun David Candelariok jakinarazi duenez, mendi magalak egonkortzeko egin beharko diren lanak ez dira Portuko Agintaritzaren eskumenekoak, eta horregatik adierazi du lanen kargu hartu behar duten erakundeei ingurua konpontzeko konpromisoa ahalik eta azkarren har dezatela eskatuko dietela.