Cartooning for Peace (
Bakearen alde binetak egiten, ingelesez) erakusketa ikusteko aukera dago Xenpelar Etxean, hilaren 30era arte. Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendaritzak herriz herri eramango du erakusketa, eta lanketa egingo du gazteekin. Sail horren zuzendari nagusi Marina Bidasorok esan duenez, erakusketa 2006an sortu zen Nazio Batuen Erakundeak bultzatuta, Mahomaren karikatura satirikoen publikazioak sortu zuen iskanbilaren ondoren. 130 marrazkilarik hartu dute parte proiektuan, eta jatorrizko erakusketak 11 panel ditu. Xenpelar Etxean 22 jarri dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz.

Bidasoro, Mendoza eta Gamiz, ‘Cartooning for Peace’ erakusketa aurkezten
Julen Mendoza alkateak azaldu duenez, aldundiak Errenteriako Udalari proposatu zion lehenengo herria izateko, eta “interesgarria” iruditu zitzaiela azaldu du. “Gainera”, esan du Mendozak, “kointzidentzia tragiko bat dago, pasa den astean Parisen gertatukoa gertatu ondoren. Izpiritu kritikotik begiratuta, adierazpen askatasunaren kontrako erasoaren ondoren momentu egokia iruditu zaigu horrelako erakusketa bat egiteko”.
Azaldu duenez, bi arrazoi daude Errenteria-Oreretan erakusketa hori egiteko. Alde batetik, “etorkizuna giza eskubideen eraginpean eraiki” behar dela uste du alkateak. “Herri honetan giza eskubideen urraketa ugari egin dira, eta onartu behar diren printzipio batzuk badaude, gustatu ala ez. Ez dugu ezer ere ez asmatu behar”. Horrela, gertatutakoak ez direla ahaztu behar adierazi du, “arrikutsua” izango litzatekeelako eta “gizarte bezala porrot egingo genukeelako”. Giza eskubide guztiek garrantzia berbera dutela nabarmendu du.
Bigarren arrazoiak ere etorkizunarekin du zerikusia. “Argi dago gazteak izango direla etorkizuna eraikiko dutenak eta euren formazioa ezinbestekoa da”, zehaztu du.
Giza eskubideen arloko lana
Bidasorok azaldu duenez, Gipuzkoan udal asko ari dira giza eskubideen alde lan “eredugarria” egiten. Horietako bat da Errenteria-Oreretakoa, bere iritziz. Gainera, indar berezia jarri nahi dute gazteengan, eta, erakusketaz gain, tailerrak egingo dituzte eurekin ikastetxeetan. “Erakusketak adierazpen askatasunaren muga non dagoen erantzun nahi dio. Gaurkotasun handia du gai horrek berriro, eta oraindik ere lan asko dago egiteko”, adierazi du Bidasorok.

‘Cartooning for Peace’ erakusketa
Gazteekin egin beharreko lana koordinatuko du Aintzane Gamizek. DBHko hirugarren eta laugarren mailako zein batxilergoko lehenengoko ikasleekin landuko dute. Errenteria-Oreretako sei ikastetxeetako lauk hartuko dute parte proiektuan, eta bi zati edukiko dituela jakinarazi du Gamizek. Zati teorikoan, ikasleek erakusketaren gaineko hausnarketa egingo dute. “Gazteek asko dute esateko”, azaldu du proiektuaren koordinatzaileak, “eta, gainera, balioa eman nahi diegu euren iritziei”. Alde praktikoan, berriz, Giza Eskubideen Adierazpenaren 30 artikuluetako bakoitza marraztuko dute Xenpelar Etxean bertan, eta ondoren mural bat egingo dute eta ikastetxera eramango dute. Ondoren, gaia lantzen izateko aukera izango dute, eta irakasleei gida praktikoak emango dizkiete.
Gainera, inguruan izan diren giza eskubideen urraketen berri izango dute, teoria dena praxira eramateko. Hilaren 19tik 23ra hiruna sesio egingo dituzte eguneko, goizez. Arratsaldetan, 17:00etatik 20:00etara, publiko orokorrari zabalduta egongo da erakusketa, hilaren 30era arte.