Emakumeen futboleko zilarrezko mailan, Oarso Bidasoko derbia bihar Irunen: Mariño-Oiartzun
Oiartzuarrak dira faborito sailkapenaren bigarren postuan daudelako, irundarrak erdialdean dauden bitartean. Bihar (igandea) da norgehiagoka, 11:30ean, Ugalde-Ventas zelaian. Joaneko partidan 2-0 irabazi zuten oiartzuarrek.
Emakumeen futboleko Bigarren Mailako Oarso Bidasoko derbia jokatuko dute bihar (igandea, urtarrilak 18) Irungo Mariño taldeak eta Oiartzunek. Ugalde-Ventas zelaian jokatuko dute lehia, 11:30ean hasita. Sailkapenari begiratuta, oiartzuarrak dira faborito, baina derbietan gertatu ohi den legez, emaitzak aurreratzea arriskutsua da beti. Bigarren itzuliko lehen partida izango da igandekoa.
Lehenengoz jokatuko dute bi taldeek Espainiako Estatu mailako emakumeen bigarren ligan bi taldeek elkarren kontra. Oiartzunek eskarmentu handia du maila horretan, eta jokalariak joan eta berriak etorri ahala, azken urteetan beti izan dira sailkapenaren goialdean, mailarik gorenera igotzeko kanporaketak maiz jokatuz. Mariño, berriz, berria da Emakumeen Bigarren Mailan, baina hala ere, sasoi oso duina, ona, egiten ari dira.
Sailkapen nagusiaren bigarren postuan daude igandean kanpoko izango direnak Ugalde-Ventaseko zelaian, Oiartzungo taldekoak, alegia. Ligan jokatu dituzte 13 partidetatik ez dute bakar bat ere galdu, bederatzi irabazi dituzte, eta lau berdindu. Athletic B ahalguztiduna bakarrik dute aurretik sailkapenean. Sartutako eta jasotako golen aldea izugarri ona da oiartzuarren kasuan, 53-9ekoa 13 partida horietan.
Mariño, berriz, sailkapenaren erdialdean dago, zortzigarren postuan, 17 punturekin (14 talde daude Bigarren Mailako 2. Multzoan). Gainera, atzean dituen aurkari gehienek oso puntu gutxi dituzte, hortaz, mailari eusteko bide onean daude irundarrak. 13 partidetan lau irabazi, beste hainbeste galdu, eta bost berdindu dituzte.
Bigarren itzuliko lehen partida izango da igandekoa. Lehen itzulian, Liga hasteko jardunaldian, Oiartzunek 2-0 irabazi zion Mariñori.