Gizarte politiketarako iaz baino 170.000 euro gehiago aurreikusi ditu gobernu taldeak
Aurkezpenetan izan den parte hartzea areagotzeko formula berriak bilatuko dituztela iragarri dute lehengo astean egin dituzten bi batzarren balorazioa egiteko helarazi duten prentsa oharrean.
Pasaiako Gobernu Taldea landu duen aurrekontu proposamena gizarteratzeko lanean da. Lehengo astean bi batzar egin zitzten, San Pedron bat eta Antxon bigarrena, eta horietan jasotako ekarpenak aztertu eta kontuan hartuko dituztela nabarmendu dute. Batzarretan izandako parte hartzea, baina, gobernu taldeak nahiko lukeena baino txikiagoa izan da, eta horregatik, “herritarren parte hartzea areagotzeko formula berriak bilatzeari” ekingo diotela iragarri dute. “Udal kudeaketaren oinarrizko lan tresna da aurrekontua, berebiziko garrantzia du, eta hortaz, parte hartzea handiagoa izan dadin lanketa berezia egin behar dela deritzogu” esan dute.
Gizarte politika, lehentasunezkoa
Lehengo asteko aurkezpenetan egin antzera, esku artean darabilten aurrekontu proposamenaren “zertzelada nagusien” berri eman dute prentsa ohar bidez. Nabarmendu dutenez, gizarte politika da bere lehentasun nagusienetakoa, eta horregatik iazko partida 170.000 euroan handitu dutela esan dute. Hortik, kopuru handi bat Gizarte Larrialdietako Laguntzetara (AES) bideratzeko asmoa dutela zehaztu dute, iaz baino 50.000 euro gehiago, “laguntza horiek Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak izan arren, laguntzen zati handi bat udalak bere gain” hartzen duelako, Jaurlaritzak jarritakoarekin aurrez jakina delako ez dela iritsiko. “Udal honen erabaki politikoa da inor, ez urtarrilean eta ez azaroan, laguntzarik gabe ez uztea, eta horregatik udalak laguntza horiek bermatzen ditu urte guztian”, nabarmendu dute.
Zorpetzea murriztu eta finantzazio iturri berriak lortu
Pasaiako Udalaren zorpetzea erdira jaistea lortu dutela nabarmendu du, bestalde, gobernu taldeak, eta datorren urtean zorra beste 200.000 eurotan jaistea aurreikusi dutela iragarri dute. Zehaztu dutenez, “2006. urtean 7.500.000 eurokoa zen udalak zuen zorra. 2014an, berriz, 3.600.000 eurora murriztu” dutela esan dute.
Horrez gain, “gastuak murriztu eta zerbitzuak mantendu eta hobetzeko” finantzazio bide berriak lortu dituztela esan dute. Hondakinen bilketa berriari esker 2015ean 200.000 euro jasotzea aurreikusi dutela ohartarazi dute, eta bigarren etxebizitzari ezarritako errekarguari esker, udalerriarentzako diru sarrerak handituko dituztela iragarri. Aitzitik, kale garbiketan aurrerantzean gutxiago gastatuko dutela esan dute, udalak zerbitzua bere gain hartu izanak merkatzea ekarri duelako.
Aurrekontu proposamena “orekatua” dela iritzi dio gobernu taldeak, eta “errealitateari oso lotua” dagoela. Horregatik osoko bilkuran aurrera aterako dutenaren konbentzimendu osoa dute.