Paco Bueno eta Paco Pizarro omenduko dituzte boxeo gaualdi batekin
Errenteria-Oreretako Paco Bueno gimnasioak boxeo gaualdia antolatu du datorren larunbaterako, Beraungo pilotalekuan. Bi borrokaldi profesional eta sei amateur egingo dituzte.
Errenteria-Oreretako Paco Bueno gimnasioak boxeo gaualdia antolatu du datorren larunbaterako, hilak 24. Bueno bera eta Paco Pizarro boxeo aditua omentzeko balioko du ekitaldiak.
Beraungo pilotalekuan egingo dituzte borrokaldiak, 22:30etik aurrera. Bi borrokaldi profesional egingo dituzte. Horrela, etxeko boxeolari Yuri Pompillo eta Fernando Suarez Jair Ramirez eta Daniel Calzadorekin neurtuko dira, hurrenez hurren. Hiruna minutuko lau asalto jokatuko dituzte. Horrez gain, amateur mailako sei borrokaldi ere egingo dituzte.
Sarrerak antolatzaileen egoitzan eros daitezke, baita Donostiako Paco Bueno eta La Cepa tabernetan ere. Aulkia nahi duenak hogei euro ordaindu beharko ditu, sarrera orokorrak hamabi euroko kostua izango du, eta hamar urtera arteko umeek bost euro ordaindu beharko dituzte.