Koalizio ezkertiar eta soberanistako kideek zerrenda eta programa berretsi zituzten larunbat goizean Merkatuzarren egindako batzarrean. Herri bazkaria egin ondoren, ekitaldi nagusiaren txanda izan zen.
Julen Mendoza egungo alkatea izango da EH Bilduren zerrendaburua datozen udal hauteskundeetan. Koalizio ezkertiar eta soberanistako kideek zerrenda eta programa berretsi zituzten larunbat goizean Merkatuzarren egindako batzarrean. Herri bazkaria egin ondoren, ekitaldi nagusiaren txanda izan zen.

EH Bilduren zerrendaren aurkezpena
Joxe Mari Carrerek egin zituen aurkezpen lanak, eta EH Bilduren lau ardatzak zeintzuk diren azaldu zuen, IKEAren siglekin hitz jokoa eginez: Ilusioa, Konpromisoa, Eraldaketa eta Askatasuna. Aitzol Gogorza larri gaixo dagoen presoa ere gogoan izan zuen. Agintaldiaren lau urteei errepasoa egiten dion bideo bati bide eman zion Carrerek. Bideoan, besteak beste, udala “herritarrei zabaldu” dietela nabarmendu zuten, hala nola, plenoen ordutegia aldatuz, komisioak sortuz, aurrekontu parte hartzaileak eginez eta gastu politikoa jaitsiz. Presoak gogoan izan zituzten, eta hirigintzan, euskaran zein kulturan —Atlantikaldia eta Xenpelarren eskultura, esaterako— egindakoa oroitarazi zituzten. Horrez gain, Herri Bizia komunikazio proiektua eta Errenteria 2025 plan estrategikoa ere izan zituzten hizpide.
“Lasai, irabaziko dugu”
Zerrendako kide guztien izenak aipatu zituzten ondoren, eta banaka igo ziren oholtza gainera. Azkena izan zen zerrendaburua, Julen Mendoza, eta hark hartu zuen hitza. EH Bilduko kide eta jarraitzaileei “konbentzituta” esan zien datozen hauteskundeak ere irabaziko dituztela. Hiru ardatzen baitan egin zuen hitzaldia.
Lehenik eta behin, atzera begiratu zuen alkateak. “Duela lau urte, etsipen puntua nabaritzen zen. Aldaketarako aukerarik ez zen ikusten”, esan zuen. Nelson Mandelaren parafraseatu zuen: “Dena da ezinezkoa, lortu arte”. Horrela, lau urte hauetan “ahal dutena, zuten guztia” eman dutela ziurtatu du, “nahiz eta batzuetan asmatu dugun eta besteetan, agian, ez”. EH Bildu hauteskundeak irabaztera bakarrik ezin dela mugatu ohartarazi zuen alkateak: “Ezinezkoa den beste zerbait lortu behar dugu: Euskal Herrian hegemonikoak izatea”.
Koalizioaren “kapital humanoa” ere aipatu zuen, “modu indibidual zein kolektiboan”. Lau urte hauetan jasotako babesa eta elkartasuna eskertu zituen, eta presoentzako oroitzapena izan zuen.
Azkenik, Europa eta Euskal Herriko egoera politikoa aipatu zituen. “Kennedyk, haren argilunekin, esaten zuen mundu guztia pixka bat engaina daitekeela, batzuei denbora guztian zehar, baina ezin dira denak beti engainatu. Jada ezin da inor gehiago engainatu”, azaldu zuen, eta testuinguru horretan kokatu zuen Syrizak biharamunean lortutako garaipena. “Eurekin gauza asko partekatzen ditugu, justizia soziala eta herriaren erabakitzeko eskubidea”, esan zuen Mendozak. “Europaren itxaropena da Syriza, eta Euskal Herrikoa, berriz, EH Bildu. Ez dugu gobernatzea bakarrik jokatzen, esperantza baizik”. Bere ustez, duela lau urteko zerrenda “bezain ona” da aurtengoa. Babesten jarraitzeko eskatu zien bertaratutakoei.
Mendozaren hitzaldia bukatuta, puntuka bertsoak bota zituzten zerrendakideek. Ondoren, momentu hunkigarrienetakoa bizitu zuten. Jarraituko ez duten zinegotziek —Irune Balentziaga, Luisma Diez, Alazne Korta, Unai Unsuain eta Asier Mujika, baita Itsasne Alvarez alkatearen kabineteko burua ere— aipatu zituen alkateak, eta banan-banan errepasoa eman zien.
L’estaca abestuz bukatu zuten ekitaldia, Kasernarat taldeak festa bukaera girotu aurretik.