Hilaren 9an jarriko dute martxan eskola berria zortzi ikaslerekin.
Iza, Tello, Torrea eta Unsuain, egoitzaren aurrean
Erabateko babesa erakutsi diote Errenteria-Orereta, Pasaia, Lezo eta Oiartzungo udalek Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolari. Euskal Herrian aitzindaria izan daitekela eskola esan du Oihan Tello Oiartzungo Kirol zinegotziak: “Txirrindularitza eskolak badaude, baina modalitate baten gainekoak izaten dira. Oarsoaldeko eskolak txirrindularitzaren hainbat modalitate batu ditu, aukerak zabaldu ditu”. Osasuna, ingurumena eta jasangarritasuna kontuan hartzen dituela eskolak ere esan du Tellok.
Bost fase izango ditu Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak sortzaileetako bat den Arkaitz Izak azaldu duenez, : “Kirol formakuntza izango du helburu eskolak, eta 12 eta 16 urte arteko gazteei txirrindularitza bere arlo guztietan erakutsiko die”.
Monitore espezializatuak
Konpetizioa ez dela eskolaren helburua ere esan du Izak. Teknika eta mekanika, pista, errepidea, BTT, eta BMX landuko dituzte txirrindularitza eskolan parte hartzen duten gazteek. Monitore espezializatuak arituko dira teknika bakoitzean, horrela mekanika arloan Ane Santesteban eta Arkaitz Iza ariko dira; pistan, Asier Maeztu eta Gorka Agirrezabala; errepidean, Mikel Astarloza eta Dorleta Eskamendi; BTTn, Urko Munduate eta Arkaitz Iza; eta BMXen, Igor Eskudero eta Aritz Petrirena.
Hilaren 9an hasiko dira eskolak zortzi ikaslerekin. 18:00etatik 20:00etara ariko dira astelehen eta asteazkenetan Alabergako 4. zenbakian duten egoitzan. Izen ematea oraindik zabalik dagoela gaineratu du Izak eta eskualdeko edozein gaztek eman dezakela izena esan du. Horretarako esku orriak lau herrietako kiroldegietan aurkituko dituzte. Matrikula prezioa berriz, hemendik eta ekainera bitartean 50 eurokoa izango da.
Honakoa proiektu pilotoa izango dela zehaztu du Izak eta bost hilabeteko iraupena izango duela. Hala ere datorren urtetik aurrera ikasturte osokoa antolatuko dute.
Kirol mahaiaren elkarlana
Txirrindularitza eskola Oarsoalde mailako proiektua dela esan du Unai Unsuain Errenteria-Oreretako kirol zinegotziak: “Lau udalek bultzatzen dugu proiektu hau, kirol mahaiaren elkarlanari esker sortutako proiektua da. Udaletik ditugun baliabideak mahai gainean jarriko ditugu proiektu hau aurrera ateratzeko”.
Proiektu hezitzailea izango dela ere gaineratu du Unsuainek eta animatu egin ditu gazte guztiak parte hartzera.
Oarsoaldeko lau udalekin batera, Gipuzkoako Foru aldundiak ere babestu du proiektua.