Lilatoia prestatzeko zita jarri dute etzi arratsaldean
Errenteriako Atletismo Taldeko Baietz taldeak entrenamendu irekia egingo du asteazkenean, Fanderiatik aterata.
Datorren igandean, martxoaren 1ean, egingo dute Lilatoiaren 26. ekitaldia. Bertan 4.000 emakume inguruk hartuko dute parte, eta horietako asko izango dira Errenteria-Oreretakoak. Prestaketa lantzen ari dira Errenteria Atletismo Taldeko (EAT) Baietz taldeko emakumeak, eta zita jarri dute etzi arratsalderako. Horrela, 18:30ean geratu dira Fanderiako kiroldegian, elkarrekin korri egiteko. EATek adierazi duenez, hainbat taldetxo egingo dituzte, bakoitza bere erritmoan joan dadin. Helburua bost kilometroko ibilbidea egitea da —Lilatoiak duen luzeraren antzekoa—, bidegorrian zehar.
Lilatoia 11:00etan aterako da Donostiako Bulebarretik, bost kilometro inguruko zirkuitua egiteko. Bost minutu lehenago irtengo dira Lilaroller-ak. Aurten, estreinakoz, Donostiako Atletiko taldeak antolatuko du lasterketa.