Erretiratuek eta pentsiodunek sendagaien finantzazioaren politika aldatzeko eskatuko diote Jaurlaritzari
Duintasunaren martxoko manifestazioa
Duintasunak deituta, hilabeteko lehenengo astelehenetan manifestazioa egin ohi dute. Atzo, baina, jai eguna izanda, hilaren 13ra pasatu dute data. Oraingoan, sendagaien kopagoa salatuko dute erretiratu eta jubilatuek, 11:00etan Herriko Plazatik aterako den manifestazioan.
Horrela, kopagoaren kontra daudela adierazi dute, “aldez aurretik, lanen eta zergaren bitartez” ordaindu dutelako. Gainera, salatu dute 417 sendagai ez dituztela finantzatzen. Uste dute “bidegabekeria” dela, “gaixotasuna zigortzen” duelakoan: “Batetik, eritasun kronikoak dituztenak zigortzen dituzte, eta bestetik, diru sarrera txikiagoak dituztenak”.
Duintasunak “informazio falta handia” dagoela esan du, eta farmaziak “dirua biltzeko bulegoak” ez direla aldarrikatu dute. “Horren guztiaren helburua”, gehitu dute, “gerora itzultzen diren ordainketak erreklamatzen ez duten pertsona asko daudenez, gobernuak horrekin dirua aurreztea da”. Horregatik, kopagoaren desagertzea eskatu dute, eta osasungintza finantzatzeko “bidezko” politika fiskala eskatu dute. Osasun sistema publiko, doako eta euskaldunaren alde daudela jakinarazi dute.