Otxandion egingo dute, etzi, jaialdia; Bizkaiko udalerria "euskararen alde egotetik, egiteko prest dagoen herria" dela ziurtatu dute
Euskaraz Bizi! Egunera joateko deia egin du Oreretako EHEk
Euskaraz Bizi! Eguna ospatuko du larunbatean Euskal Herrian Euskaraz-ek. Aurtengo zita Otxandion (Bizkaia) izango da, eta egun osorako egitaraua antolatu dute. EHEren Oreretako taldeak bertara joateko deialdia luzatu du. Jakinarazi dutenez, ez da ausazkoa izan herri horren hautaketa. “Euskararen alde egoteaz gain, euskararen alde egiteko prest dagoen herria da”, adierazi dute EHEko kideek.
Egitarau zabala prestatu dute etzirako, otxandiarrekin elkarlanean. Ziurtatu dutenez, adin guztientzako ekitaldiekin gozatzeko aukera izango da: kale animazioa, haurrentzako jolas eta tailerrak, 500 lagunentzako bazkaria, kantu-poteoa… Arratsaldean zein gauean dantza eta musika izango dira nagusi Otxandion, eta goizaldera arte egongo da gorputza astintzeko aukera.
Dena euskaraz. Izan ere, EHEren ustez, “euskaraz bizitzea gure esku dago, baldin eta hiztun aktiboak bagara”. Horregatik, “mugitu nahi duenak, dagoen lekutik urrats bat harago joan beharra dauka. Egotea ez da nahikoa”. Deia egin dute “indarrak eta grinak” batzeko, baita gogoa martxan jartzeko ere, “euskaldunak ahaldundu eta herri euskalduna mugiarazteko”.
Egitaraua
- 09:00etan: Mirugain mendi taldearekin mendi irteera (ondoren dutxatzeko aukera egongo da).
- Goizean zehar: Soinubil kantu-poteoa; txistulariak; Urdax Magunazelaia harri-jasotzailearen erakustaldia; Euskal Border, artzainek ardiekin egindako erakustaldia, baina antzarrekin; haurrentzako puzgarriak, tailerrak eta jolasak, Kimuaken eskutik.
- 14:00etan: Ekitaldia.
- 14:30ean: Bazkaria, 500 lagunentzako.
- Bazkaldu ondoren: Gibelurdinek Taldea.
- 18:30ean: Ekitalditxoa.
- Ondoren: Bulkano FTren partida; Urduri dantza taldea; Batukotx, batukada.
- Iluntzean: Governors, Gozategi eta Luhartzen kontzertua.
- Goizaldera arte: Dj Elepunto, gaztetxean.