Udalak auzoan egindako inbertsioak ez direla EH Bilduren ekimenez izan salatu du PSE-EEren alkategaiak
Pasa den ostegunean aurkeztu zuten EH Bildu Beraun, eta PSE-EEren ustez, “gezurretan” hasi dute euren ibilbidea. Jose Angel Rodriguez alkategai sozialistaren esanetan, “auzoarentzako lehentasunezkoak diren gai batzuk manipulatu” zituzten aurkezpen ekitaldian.
Horrela, auzoko igerilekuei dagokienez, Rodriguezek esan du uste baino urtebete lehenago bukatuko direla aldagelen eta kafetegiaren eraikuntza lanak, “sozialistok aurkeztu genuen mozio bati esker”. Gainera, kritikatu du EH Bildurentzat ez zirela “beharrezkoak” igerilekuak. San Markoko zabortegiaren kasuan, adierazi du sozialistek egindako “apustu indartsua” izan zela. “Mankomunitatearen lehendakaritza hartu genuenean apustua egin genuen”, gaineratu du, “eta ordura arte Ez Bilduk, ezta bere bidelagunek ez zuten zabortegia ixteko ezer ere ez egin”.
Bizarain mendira joaten den errepidea konpontzeko 150.000 euroko diru partida, berriz, eurek “San Markoko Mankomunitatearekin batera” landu zutela ziurtatu du. “Udal Gobernu Taldeak uko egin zien egin genizkien eskaera guztiei. Arazoa ez zuten behar bezala kudeatu, eta mankomunitateak konponduko du errepidea”, esan du alkategai sozialistak. Isidro Ansorena plazako garajeei buruz, Rodriguezek adierazi du “berdin jarraitzen” duela, “nahiz eta Sarriegi plaza konpondu den”.
Rodriguezen arabera, bere alderdiak “horrelako adierazpenak salatzen jarraituko du”. Bere ustez, EH Bilduk ez du parte hartzea bultzatzen eta gardentasun falta du. Beraungo auzotarrei PSE-EEren proposamenekin bat egin dezaten dei egin diete.