
Oihalak josiko dituzte, erabakitzeko eskubidearen alde
Errenteria-Oreretako Gure Esku Dagok Joste Eguna antolatu du larunbaterako. Erabakitzeko eskubidearen aldeko jai eguna izango da, eta herritarrek ehunak josiko dituzte.
Hilaren 21ean Anoetako estadioan egingo duten ekitaldira bidaliko dute jositakoa, erabakitzeko eskubidearen aldeko hautestontzi erraldoia irudikatzeko.
Goizean hasiko da egitaraua. Auzoen arteko desafioak egingo dituzte, honako lau txokoetan: Koldo Mitxelena, Xabier Olaskoaga, Agirre Lehendakariaren eta Foru plazetan. 12:30etik aurrera “oihal koloretsuen kalejira” egingo dute, eta lau eremu horietatik Gamon Zumardira abiatuko dira. Han josiko dituzte oihalak, eta elkarte gastronomikoek zein tabernek prestatutako luntxa jateko aukera egongo da.
Bazkaltzeko etenaldiaren ondoren, 16:00etatik aurrera O’Club taldeak kontzertua emango du. 18:00etan, berriz, auzoen arteko desafioaren finala jokatuko dute Oiartzun ibaiaren ertzetan. Egitarauaren azkenburuko bezala Dj 2ttor ariko da, musika jartzen.