Hurrengo astean irekiko dituzte udako igerilekuak, hilaren 13an (larunbata). Irailaren 13ra bitarte egongo dira zabalik, egun bakarrean itxiko dituzte, xanisteban egunean
Oiartzungo udako igerilekua
Hurrengo astean irekiko dituzte udako igerilekuak, hilaren 13an (larunbata). Irailaren 13ra bitarte egongo dira zabalik, egun bakarrean itxiko dituzte, xanisteban egunean (abuztuak 3). Ordutegia 11:00etatik 20:00etara izango da. Uztailean, baina ordubete lehenago irekiko dute eta beranduago itxi: 10:00etatik 21:00etara.
Elorsoro kiroldegiko bazkideek sarrera dohainik izango dute. Besteentzat hauek izango dira prezioak: eguneko sarrera 7 € helduentzat (16 urtetik gora), eta 3,50 gazteentzat (16 urtetik behera). Sarrerak bosnaka erosteko aukera ere izango da aurten ere, prezio hobean. Honela, helduen sarrerak 28 eurotan salduko dira eta gazteenak, 14 eurotan.
Hilabeteko edo denboraldiko bonoak
Hilabeteko edo denboraldi osoko bonoak egiteko aukera ere badago. Bi kasuetan, hiru modalitateren artean aukeratu ahal izango dute erabiltzaileek: familiarra, helduen banakakoa edo gazteen banakakoa. Hilabeteko bonoen prezioak 37,05 euro (gazteak banaka), 60,45 euro (helduak banaka) eta 101,25 euro (familiarra) dira. Denboraldi osokoenak, berriz, 74,10 euro (gazteak banaka), 120,90 euro (helduak banaka) eta 202,50 euro (familiarra).
Udako igerilekuan bertan edo Elorsoro kiroldegian izango da bonoak zein sarrerak erosteko aukera.