Euskal Herriko pala txapelketa irekiaren finalak Madalensoron jokatuko dira, 14:30etik aurrera.
Zutik, Virgilio, Roteta, Olaizola I eta Olaizola II. Makurtuta, Gelbentzu, Olasagasti, Rodriguez eta Moreno
Larunbatean jokatuko dira Euskal Herriko pala txapelketa irekiaren finalak Madalensoron Josetxo Gamioren oroimenez. Aurtengoa, Girizia elkarteak jarraian antolatzen duen XXXII. aldia izango da eta Euskal Herriko txapelketari dagokionez, XI. aldia. Aurten inoiz baino bikote gehiagok hartu dute parte, guztira 85 izan direlako, 79 gizonezko mailan eta 6 emakumezko mailan. Beraz, errekor berri bat jarri da.
Finalak arratsaldeko 14:30tan hasiko dira eta lehen partida 3. mailakoa izango da, bertan lau oiartzuar arituko dira: alde batetik Virgilio eta Roteta beteranoak eta bestetik, Gelbentzu eta Olasagasti gazteagoak.
Bigarren partidua berriz, 2. mailakoa izango da eta bertan, Landa eta Juanikorenak Salaberria eta Aranjuelo izango dituzte aurkari moduan.
Hirugarren finala neskarena izango da eta bertan Aldai eta Eizmendi Aiakoak eta Tolosa Senperena Altzokoen artean izango da. Eta bukatzeko, lehen mailako finala jokatuko dute Ramos eta Zubimendi hernaniarrek Otegi oiartzuarren eta Telletxea Igantzikoaren aurka. Gero sari banaketa egongo da eta bertan, Euskadi eta Gipuzkoako Pilota Federakuntzako ordezkariak, Josetxo Gamioren senideak eta Oiartzungo Udalaren ordezkariak egongo dira.
Finalerdiak
Pasa den larunbatean jokatu ziren EH pala txapelketaren finalerdiak eta bertan emaitza hauek eman ziren. Hirugarren mailan Virgilio eta Roteta oiartzuarrek 25 eta 8 irabazi zioten Zestoko bikotea den Olaizola anaiei. Bigarren partiduan, berriz, beste bikote oiartzuar batek, Gelbentzu eta Olasagastik 25 eta 11 irabazi zioten Rodriguez Moreno Zestoa eta Ondarruko bikoteari.
Bigarren mailari dagokionez, batean, Aranjuelo eta Salaberriak 25 eta 24 irabazi zioten Kasper eta Hormaetxea bizkaitarrei. Beste finalerdian, Landa eta Juanikorenak 25 eta 11 Arluziaga eta Astiazarenei.
Lehen mailako finalerdietan berriz, batean Ramos Zubimendik 25 eta 23 irabazi zioten Zabala eta Dagerreri eta bestean, Otegi eta Telletxeak 25 eta 16 Txoperena eta Hueguni.